Aralarko mendilerrorako abeltzaintzako osasun-estrategia

Guaixe 2016ko mar. 5a, 10:13
Nafarroako eta Gipuzkoako ordezkaritzak Donostian bildu ziren.

Nafarroak eta Gipuzkoak estrategia bateratu bat definituko dute Aralarko mendilerroko animalien osasunerako.

Gipuzkoa Diputazioko eta Nafarroako Gobernuko landa garapeneko ordezkari Ainhoa Aizpuru eta Isabel Elizalde aurreko ostiralean bildu ziren. Hi lurraldeetako lehen sektoreko eta landa-eremuko baldintzak hobetzea bilatzen duten proiektu bateratuak aztertu zituzten bileran.

Biak bat etorri ziren “Gipuzkoa eta Nafarroako landa-eremu askoren izaera eta arazoa bertsua dela” esatean, “partekatzen edo bi lurraldeen artean muga diren erabilera publikoko mendiak bereziki; beraz, bien arteko lankidetza ezinbestekoa da”.  Horien artean daude Sakanaren muga diren Aralar eta Aizkorri mendilerroak.

Horregatik, bileran erabilera publikoko mendietako abeltzaintzako jardueren kudeaketa aztertu zuten. Agerian geratu zen alor horretan animaliaren osasuna dela garrantzizkoena; izan ere, ez du askorako balio ustiapen batek neurri zorrotzak hartzea uda-garaian beste animali batzuekin elkartzeko eta elkar kutsatzeko arriskua badago. Nafarroako Gobernuak eta Gipuzkoako Aldundiak lantalde bat osatzeko erabakia hartu zuten, Aralarko mendilerrorako osasun-estrategia bat abian jartzeko asmoz.

Mendiko Gazta proiektua
Idiazabal jatorri-deituran sartutako artzainentzako ekimen bat da, eta gazta mendiko txaboletan egiten dute. Proiektua duela zortzi bat urte hasi zen. Gaur egun, Mendiko Gazta egiten duten artzainak Aralarren eta Aizkorrin daude, baina abeltzain nafarrek ere gaiarekiko interesa agertu dute. Arrazoi hori dela eta, Gipuzkoako Aldundiak eta Nafarroako Gobernuak orain arte egindako kudeaketei buruzko informazioa partekatu zuten eta ekimen berri bateratuak sustatzea erabaki.
Gainera, araudi nahiz funtzionamendu komunak dituzten lehen sektoreko jarduerak jorratu ziren, esaterako: Idiazabal Jatorri Deitura edo Lekunberriko Institutu Laktologikoa. Baita Pirinioetako arrazako behi-aziendaren gaia ere.