Ezkurdiak eta Barriolak finalerdiei agur

Guaixe 2016ko mar. 7a, 10:00

Bengoetxearen eta Untoriaren kontra 22 eta 20 galdu zuten, Oinatzek sortutako polemika tarteko

Tristura eta pena. Gutxigatik, hain gertu… bina Binakako finalerdietara sailkatzeko ametsak ihes egin zien Joseba Ezkurdiari eta Abel Barriolari. Finalerdietan egoteko Oinatz Bengoetxeari eta Alvaro Untoriari irabazi behar zieten, bai ala bai, arbizuarrak eta leitzarrak. Goitik behera beteta zegoen Altsasuko Burunda pilotalekuan jokatutako partida nahasian, gertu izan zuten garaipena, 20 eta 13 galtzen egon ondoren, 20 eta 17 gerturatu baitziren eta 21 eta 17tik 21 eta 20ra hurbildu baitziren, baina Oinatz Bengoetxeak sortutako polemika bat tarteko –nahiz eta bere atsedenaldiak gastatuak izan, 21 eta 17 irabazten zihoanean aldageletara joan zen, eskuin txorkatilan mina zuelako, hain justu Ezkurdiaren eta Barriolaren erantzun eta errebantxa pil-pilean zegoenean– eta Bengoetxearen erremate bikain batek zapuztu zuten haien asmoa. Batetik, lur jota bukatu zuten Altsasuko partida erabakiorra, eta bestetik, Joseba Ezkurdiak haserre ere despeditu zuen partida, aurreko edizioko buruz burukoan gauza berbera egin baitzion Bengoetxeak, agortuta zituen atsedenaldien ondoren aldageletara sartzea, alegia. “Betikoa da. Ez da 8 eta 8 edo 9 eta 9an ateratzen, beti bukaeran, eta niri hori harritzekoa egiten zait. Buruz burukoan ere antzekoa egin zidan eta farre egin zidan aurpegira. Gaur ere sentsazio horrekin nago. Zaleek txistu egin dutela? Jendea ez da tuntuna” adierazi zuen arbizuarrak bukaeran, haserre. Bengoetxea aldageletara joatea ez zen batere elegantea izan. Araudiak badaude, bete behar dira eta, ez badira betetzen penalizazioren bat egon beharko litzateke.

Emozioa, pil-pilean
Polemika alde batera utziz, Altsasuko partida emozioz betetakoa izan zen, final handien ukituarekin. Izan ere, finalerdietara nor pasa, gauza inportantea zegoen jokoan. Partida gogorra izan zen, nahasia. Ongi aritu ziren lau pilotariak. Hasieran Bengoetxeak eta Untoriak hartu zuten aurrea, 3 eta 1, baina Ezkurdiak eta Barriolak berdintzea eta aurreratzea lortu zuten, 3 eta 4. Baina tartea zabaltzea lortu zuten Asegarcekoek, 9 eta 5. Ezkurdiak eta Barriolak 9ra berdintzea lortu zuten, baina hortik aurrera Bengoetxea eta Untoriak hartu zuten agintea eta 18 eta 9 aurreratu egin ziren. Aurreko koadroetan ongi zebilen Bengoetxea, eta Untoria bikain aritu zen atzealdean.

Baina, dena galduta zutela ikustean, Aspeko bikoa Untoria lehertzeko lanetan hasi zen, eta horri Bengoetxeak eskuineko txorkatilean zituen oinazeak gehituta, gutxinaka tantoak pilatzen hasi ziren Ezkurdia eta Barriola. Burunda pilotalekuko zaleen babesarekin, takada ederra lortu zuten eta 20 eta 17 hurbildu ziren, tanto ikusgarriak tarteko. Bolada onean zeuden arbizuarra eta leitzarra, zaleen animuekin, eta, orduan, 21. tantoa egin eta gero, aldageletara joan zen Bengoetxea. Horrek Ezkurdiaren haserrea piztu zuen, leitzarrak bere atsedenak agortuta zituelako, eta Oinatz kantxara bueltatu zenean txistuak entzun ziren harmailetan. Bi bikoen botileroak, Gorostiza eta Etxaniz, eztabaidatzen aritu ziren ere aldageletako bidean. Hala ere, 21 eta 20 gerturatu ziren arbizuarra eta leitzarra, baina Oinatzen tanto bikain batek, buruz gain batek, garaipena eman zien leitzarrari eta Untoriari. Finalerdiak hain gertu izanda, jota geratu ziren Ezkurdia eta Barriola, bidean geratu direlako, baina bildutako zaleei eskerrak emateko tartea izan zuten. “Hiruzpalau partida kenduta, uste dugu bikote sendoa izan garela” adierazi zuen malkoak ihes egiten zitzaizkion Ezkurdiak.

Irujo-Rezusta, Olaizola II.a-Urritikoetxea, Bengoetxea VI.a-Untoria eta Artola-Albisu sailkatu dira Binakako finalerdietarako.

Martijaren garaipena
Binakako Txapelketako partida jokatu baino lehen, Etxeberriko Julen Martija pilotariak Retegi Birekin osatu zuen bikoa. Urduri antzera hasi zuten partida, baina bukaeran 22 eta 18 irabazi zieten Jaunarenari eta Urruzolari. Bainakako azken jardunaldiko partidaren ondoren, 2. Mailakako Binakako partida jokatu zen eta Gorkari eta Tolosari 18 eta 22 irabazi zieten Arteagak eta Imazek.