Etxarrik irabazi eta Lagun Arteak galdu

Guaixe 2016ko mar. 7a, 10:44
Etxarri laugarren postura igo da.

Preferente maila. 23. jardunaldia: Berriozar 0 – Etxarri 1 / Arrotxapea 4 – Lagun Artea 1

Asteburuko jardunaldia gazi-gozoa izan da gure taldeendako. Berriozarren eta Etxarriren arteko partida ona izan zen eta jokoan zeuden 3 puntuak ekarri zituen Etxarrik, 0 eta 1 irabazi ete gero. Bi taldeak erasora atera ziren hasieratik, eta Berriozarren defentsa akats bati esker, Xabatek Etxarri aurreratu zuen. Berriozarrak ez zuen behera egin eta jokaldi politak sortu zituen, baina ez zituen gauzatu. Bigarren zatian berdintzera atera zen Berriozar baina Etxarrik ongi jokatu zuen eta ongi defendatu zuen. Azkeneko jokaldian Etxarriko atezainak ustez egindako penaltia eskatu zuen Berriozarrek, baina arbitroak ez zuen ezer seinaleztatu eta etxarriarrak 3 puntuekin itzuli ziren etxera.

Bestalde, Iruñean, garaipen potoloa lortu zuen sailkapenean bigarrena den Arrotxapeak Lagun Arteako lakuntzarren kontra (4 eta 1). Partida oso lehiatua izan zen, hasieran zelai erdian lehia bizia izan zen. Gutxinaka Arrotxapeak hartu zuen baloiaren jabetza eta ordu erdi pasatu zenean sartu zuten lehen gola. Handik 3 minutuetara iritsi zen bigarrena. Bigarren zatia hasi eta gutxira hirugarren gola sartu zuen Arrotxapeak, penaltiz. Partida bukaerarako ordu laurden bat falta zenean Lagun Artea markagailuan gerturatu zen, Anderrek sartutako gol bati esker, baina berehala Arrotxapeak beste gol bat sartu zuen, penaltiz, eta horrela despeditu zen partida.

Sailkapen orokorrean Gares da liderra (47 puntu), Arrotxapea 3 puntura duela (44 puntu). Etxarri 4. postura igo da (37 puntu) eta Lagun Artea 6.a da (34 puntu). Asteburuan Etxarrik sailkapenean 7.a den Beriain hartuko du eta Leitzan jokatuko du Lagun Arteak, sailkapenean azkena den Aurrera taldearen kontra.