Beraza eta Munarriz fin II. Galar Trailean

Guaixe 2016ko mar. 7a, 15:25

Aritz Munarriz II. Galar Trailean.

Uhartearra bosgarrena eta lehen beteranoa izan zen eta etxarriarra 9. postuan sartu zen helmugara

Sakandarrak II. Galar Trailean
1.Xabier Zarranz: 1:36:01
5.Jose Luis Beraza (Uhar): 1:39:49
9.Aritz Munarriz (Etx): 1:42:03
15.Gorka Santesteban (Etxarren): 1:44:51
16.Joxeja Maiza (Etx): 1:45:09
31.Fidel Jimenez (Etx): 1:50:04
32.Julen Lizarraga (Leitz): 1:50:34
49.Alberto Razkin (Etx): 1:55:25
106.Gorka Arratibel (Etx): 2:05:11
116.Aitor Salinas (Etx): 2:07:25
149.Jose Antonio Salgado (Alts): 2:13:45
152.David Mutiloa (Irur): 2:14:26
186.Juan Daniel Lakuntza (Etx): 2:18:58

Hasi da Nafarroako mendi lasterketen egutegia. Igandean II. Galar Trail lasterketa jokatu zen Subizan, 19 km eta 1.100 metroko desnibel positiboa zuen proba. Traila are gehiago gogortu zen igandeko hotz eta eguraldi gaiztoarekin, eta ibilbidean barna lohia eta elurrari aurre egin behar izan zioten proba osatu zuten 290 mendi korrikalariek. Xabier Zarranz (1:36:01) eta Victor Amatriain (1:36:02) izan ziren lehenak, eta Uxue Murolas gailendu zen emakumezkoetan (1:53:20). Aralar Mendi taldeko Jose Luis Beraza uhartearra bosgarrena iritsi zen helmugara (1:39:49) eta probako lehen beteranoa izan zen. 12 sakandarrek lortu zuten proba despeditzea, eta Berazaz aparte Aritz Munarriz etxarriarra sartu zen Top 10ean. Munarriz 9. postuan sailkatu zen (1:42:03).

Beraza Nafarroako selekzioarekin
Nafarroako Mendi Federazioak mendi korrikalarien selekzioa izanen du aurten. Edorta Elizaldek, Alfonso Serranok eta Javier Raventosek osatutako komiteak aukeratuko ditu selekzioarekin ariko diren korrikalariak, eta horretarako Montejurrako Jurramendi Trail, Berako Maratoi Erdia eta Elomendiko Xtreme lasterketetan korrikalarien maila hartuko dute aintzat. Besteak beste, maiatzaren 15ean Luesian jokatuko den Aragoiko Banakako Txapelketan eta ekainaren 12an Madrilgo Cercedillan jokatuko den Espainiako Txapelketan (44 km, 2.650 m desnibela) ariko da selekzioa.

Baina apirilaren 2an ibilbide luzeko edo ultratrail probetako selekzioa jarriko da martxan, Gironako Viladraun jokatuko den Montseny Ultra Trailean (80 km, 4.500 m desnibela). Proba honetarako Nafarroako selekzioa jadanik osatuta dago. Tartean dago Jose Luis Beraza. Uhartearrak Eneko Garde, Ruben Aristu, Victor Amatriain, Aitor Iraizoz, Xabier Zarranz, Gorka Ripodas, Sergio Aramendia eta Uxue Murolas izango ditu taldekide Montsenyn aritzeko.