Amaierarik ez duen borroka

Erabiltzailearen aurpegia 3 Mugak Batera 2016ko mar. 11a, 08:00

Aste honetan aurkeztu da “Nafarroako Hondakin Kudeaketarako Plan Integrala 2025” dokumentuaren zirriborroa. Ez da ahaztu behar aurreko hondakin plana bertan behera utzi zutela epaitegiek, Sakanako Mankomunitateak eta Sustraik bere kontra ezarritako helegitea ontzat hartu ondoren. Plan hark Tafallaldean errauskailu bat eraikitzea aurreikusten zuen, eta horrek eskualde hartako eragile ekonomiko eta sozialen aurkakotasun argia piztu zuen. Honek aldi berean, errausketa hondakinak desagerrarazteko metodorik egokiena bezala aurkezten zuten alderdi politikoen iritzi aldaketa eta proiektua baztertzea ekarri zuen. Plataforman gogoan dauzkagu oraindik antolatu ziren jardunaldi parte-hartzaileak, eta nola bertan ingurumen teknikariek (errausketazale sutsuak) hondakinak erraustearen onura ukaezinak goraipatzen zituzten.

Eta beldur gara orduan aurrez aurre izan genituen teknikari haiek berberak direla orain ere paper garrantzitsua jokatzen ari direnak gure Komunitateko hondakinen kudeaketaren etorkizuna ezbaian dagoen une kritikoan, eta are gehiago, berriz ere “energia balorizazioaren” gaian beraien iritzia argi eta garbi ageri dela pentsatzeko arrazoiak ere baditugu.

Zirriborroak, “hondakinen eduki energetikoa balioztatu daiteke” aipatu ondoren, bi agertoki aurkezten ditu: Nafarroatik kanpo erretzeko hondakinetatik eratorritako erregaiak ekoiztea, edo energia balorizazioa ez baimendu eta hondakinak zabortegira bideratu, horrek hondakin kudeaketaren hierarkian ekarriko lukeen kaltea azpimarratuz.

Gezurra dirudi gaur egun, oraindik, beste garai batzuetako planteamendu zaharkituekin borrokan aritu beharra. Hondakinak erraustea proposatzeak, aukera hori aintzat hartzen duenaren burugabekeria agerian uzten du. Eta hondakinak erraustera kanpora bidaltzeak berriz, batere bihotzik ez duela.

http://olaztinerrausketarikez.blogspot.com.es/