GRAVNI abian

Guaixe 2016ko mar. 10a, 14:28

Gipuzkoa, Errioxa, Araba, Bizkaia, Nafarroa eta Iparraldeko pilotariak hartuko dituen txapelketa asteburuan hasiko da

Oztopoak oztopo, asteburuan hasiko da GRAVNI Pilota Txapelketa, Gipuzkoa, Errioxa, Araba, Bizkaia, Nafarroa eta Iparraldeko pilota federazioen arteko pilota txapelketa esanguratsua. Aurten arazoak izan dira, Frantziako Pilota Federazioak Lapurdi, Nafarroa Behera eta Zuberoako pilotari eta elkarteak txapelketan parte ez hartzeko estutu baitu. Atzean, Espainiako Federazioaren presioa egon dela argi dago. Ondorioz, bertako pilotari batzuek uko egin diote txapelketan lehiatzeari baina beste batzuk ez, eta aurten behintzat Iparraldeko selekzioak parte hartuko du txapelketan. “Iparraldeko taldeak jokatuta txapelketak nazioartekoa behar lukeela, protokoloa aldatu beharko litzatekeela, lizentzien auzia eta beste aipatu dira arrazoi nagusitzat baina Euskadiko Pilota Federazioko Patxi Jauregik aitzakiak baino ez ditu ikusten. “Frantziako Federazioak antolatutako txapelketetan edo Munduko Txapelketan jokatzea galaraztea izan da Iparraldeko taldearekin arituko diren pilotariek jaso duten mehatxua. Zenbatek jokatzeari uko egin diote, beldurra librea baita, baina pilotari talde handi batek aurrera egitea erabaki du eta pilotari hauen adorea izan duten pilotariak goraipatu nahi ditugu” nabarmendu du Jauregik.

Asteburuan hasiko da GRAVNI. Ipar Euskal Herriko taldeak Arabakoa hartuko du, egungo txapelduna den Nafarroak Gipuzkoa eta Errioxak Bizkaia. Nafarroako selekzioan sakandarrak arituko dira. Apirilaren 17an despedituko da itzuli bakarreko ligaxka eta hurrengo asteburuan finalerdiei ekingo diete. Finalak maiatzaren 1eko asteburuan jokatuko direla aurreikusten dira.