Nafar Herri Kirol Jolasen 3. jardunaldia jokatu zen Etxarrin

Guaixe 2016ko mar. 10a, 10:26

Igandean, 4. jardunaldia jokatuko da, 11:00etan, Larraintzarren

Igandean Nafarroako Herri Kirol Jokoen 3. jardunaldia jokatu zen Etxarri Aranatzen. Hiru kategoriatan jokatu zen jardunaldia: kimuen mailan (11-12 urte), haurren mailan (13-14 urte) eta kadeteen mailan (15-16 urte). Txapelketan 30 talde lehiatzen ari dira proba konbinatuetan eta 13 sokatira txapelketan, talde sakandarrak tartean. Zehazki, Iñigo Aritza ikastolatik sortutako taldeak –Iñigo Aritza, Aizkorri eta Urbasa– eta Andra Mari ikastolatik sortutakoak –Andra Mari, Ondatz, Beriain, Andia, Leziza eta Utzubar–. Etxarri Aranazko pilotalekua bete egin zen taldeen nondik norakoak jarraitzeko.

Sailkapena
Iruritan, Ororbian eta Etxarri Aranatzen jokatutako jardunaldien ondoren, horrela dago txapelketa. Kimuen mailako proba konbinatuetan ari diren 16 talderen artean Andra Mari doa lehena (21:03), Urbasa 7.a (21:54), Beriain 9.a (22:02), Andia 10.a (22:07), Aizkorri 11.a (22:28) eta Ondatz 12.a (22:57). Haurren mailako proba konbinatuetan Arartziri doa lehena (27:15), Andra Mari 3.a (29:12), Iñigo Aritza 5.a (32:07), Leziza 6.a (32:25) eta Utzubar 8.a (35:46). Bukatzeko, kadete mailako proba konbinatuetan Andra Mari da liderra (29:56), Iñigo Aritza 4.a (33:50) eta Beriain 5.a (35:05).

Sokatirari dagokionez, haurren mailako A multzoan Iñigo Aritza da lehena (9 puntu) eta Leziza bigarrena (5 puntu) eta B multzoko liderra Andra Mari da (9 puntu) eta Utzubar 3.a (3 puntu). Eta kadeteen mailan, A multzoan Andra Mari doa lehena (9 puntu) eta Iñigo Aritza bigarrena (4 puntu). B multzoan, aldiz, Basaburua da liderra (11,5 puntu) eta Beriain 4.a (5,5 puntu).

Asteburuan Larraintzarren
Igandean Nafarroako Herri Kirol Jokoen laugarren jardunaldia hartuko du Larraintzarrek, 11:00etan.