Ikurrina, ez eta bai

Guaixe 2016ko mar. 10a, 19:00

Lakuntzako txupinazoa botatzeko unea.

Lakuntzako eta  Etxarriko udalek txupinazoetan ikurrina jartzea ez du egoki ikusi epaile batek. Beste batek Tafallan gauza bera egitea egoki jo du.

Herriko festen hasiera iragartzen duen unean, txupinazoan, udaletxeko balkoian ikurrina jarri zuten joan zen urteko festetan, bai Lakuntzan bai Etxarri Aranatzen. Estatuaren abokatuak salaketa jarri zuen. Administrazioarekiko auzien Nafarroako 2. epaitegiko Antonio Sanchez Ibañez epaileak ebatzi du  Sakanako bi udalek “lege iruzurra” egin zutela. Epailearen arabera bi udalek “modu oso zorrotzean” interpretatu zuten Nafarroako Ikurren Legeak aitortzen duen salbuespena. Hau da, udalak herrialde bateko ordezkaritza gonbidatzen badu, haren jaioterriko bandera jar liteke. Lakuntzan Tolosako zinegotzi Ibai Iriarte San Vicente egon zen eta Etxarri Aranatzen Marian Beitialarrangoitia parlamentaria.

Astelehenean ezagutu ziren bi epaiak, atzo, berriz, Tafallakoa. Administrazioarekiko auzien Nafarroako 3. epaitegiko Ana Irurita Diez de Ultzurrun epaileak Sakanakoen jokabide bera izan zuen Tafallako Udalaren kasuan ez du “lege iruzurrik” ikusi. Euskadiko bi parlamentari zeudenez, epaileak  “kortesiazko keinu” gisa hartu du ikurrinaren presentzia. Atarrabiakoaren kasuan Tafallakoaren epai bera izan zen. Sakanako Udalek 15 egun dituzte helegitea aurkezteko, gainera, epaiketa kostuak ordaindu behar dituzte. PPk Etxarriko Udalari kostua zein den publiko egiteko eskatu du. Helegitea Espainiako Auzitegi Gorenean jarriko dute.

Argudioak
Etxarriko udal ordezkariak ez daude epaiarekin ados. Haien iritziz, “estatuko administrazioak ez du legitimazioarik foru-lege baten urraketa salatzeko. Izatekotan Nafarroako Gobernuak izanen luke, baina ez estatuko administrazioak, hain zuzen ere foru-lege bat delako eta hortaz, Nafarroako eskumena”. Bestetik, bi udaletako ordezkariek nabarmendu dute “ikurrina jartzea legearen barruan eman zen eta ez da, inondik inora ere frogatu (ezta froga saiakerarik egin) iruzurrik egon zenik”.

Etxarri Aranazko alkate Eneka Maizek epaien atzean “bultzada politiko” bat ikusten du. Maizek gogora ekarri du Etxarrin ikurrina 1977 urtetik jarri dela udaletxeko balkoian; “etenik gabe, udalbatzak hala erabakita. Sarri 40 urte beteko ditu”. Alkatearendako epaiak “erakusten du gaur egun defizit demokratiko izugarria dagoela. 1977an gure ikurrak jartzerik izan genuen; 2016an ez, ordea. Atzera egin dugu espazio sinbolikoetan eta eskubide identitarioen esparruan”. Nafarroan egondako aldaketa politikoa gogoak, Maizek gaineratu du: “ amorruaren amorruaz ari dira jokatzen gure herrietan, batez ere txupinazoen inguruan sortzen diren adierazpen espazioei dagokienez”. Herrietako festak hasi aurretik Ikurren Lege berri bat beharrezkoa dela nabarmendu du Maizek. Gobernuari eusten dioten lau indarren programa-akordioan konpromiso hori jasoa dagoela gaztigatu du.