LABek lan eskubideen alde aktibatzera deitu du

Guaixe 2016ko mar. 11a, 09:45

Prekarietatearen kontra eta enplegu duinaren aldeko kanpaina abiatu du.

Prekarietatea eta lan baldintzen okertzea izan dira, besteak beste, finantzek eragindako krisiak langileei ekarri dizkien ondorioak. Horri aurre egiteko LAB sindikatuak Zure eskubideak kanpaina martxan jarri du. Sindikatuko Sakanako arduradun Gaizka Uhartek azaldu digunez, bost lerro ditu kanpainak.

Lehena kalitatezko enplegua da. Uhartek azaldu duenez, “Sakanako enpresa askotan malgutasuna eta lan jardunaldia handitu dira. Ordu estrak orokortu dira.” Horri aurre egiteko 35 orduko lan astea, ordu estren kontra, inposatutako jardunaldi partzialen, kaleratzeen eta malgutasunaren kontra eta azpikontratetako lan baldintza duinen alde “Sakanako jendartea aktibatu nahi dugu”. LABekoek lan osasuna bermatu beharra dagoela uste dute. “Bizitzeko lan egiten dugu eta ezin dugu saiakera horretan osasuna galdu. Lan osasuna bermatuko duen eredu publiko baten alde eginen dugu.” Mutuen erreformari aurre eginen diola iragarri du sindikatuak, mutuei ezezkoa emanez eta zentro publikoen alde eginez.

Uhartek dioenez, “aberastasunaren banaketa gero eta bidegabeagoa da bizitza duin batzuk bermatzeko”. Horregatik, 1.200 euroko soldataren alde eginen dute. Baita lan berdina egiten dutenek soldata bera izatea ere. Aukera berdintasuna da LABen kanpainaren beste lerro bat. Sexu, jatorri edo ideologiagatik ematen diren banaketak salatu ditu Uhartek. Azkenik, LABeko kideek lan tokiak euskalduntzeko lan eginen dute.

Prekarietatearen kontra
LABek bost lan ildo horiek zabaltzearekin batera, prekarietatearen kontrako kanpaina abiatu du. “Nafarroan eman den aldaketak aberastasunaren eta lanaren banaketa justu bati erantzun behar diola “ aldarrikatu du Uhartek. Eta gaineratu du: “Sakanan eman den langabezia datuen jaitsiera eta prekarietatea erabat lotuta daude.” Horregatik, prekarietatearen kontra eginen du sindikatuak.

Heldu den astetik aurrera Sakanan barna prekarietate salaketak jasotzeko postontziak jarriko dituzte. Helburu bera dute prekarietateasalatu@gmail.com e-posta eta 619 742 917 telefonoa. Uhartek azaldu duenez, “Sakanako enpresetan dagoen egoeraren argazkia guztion artean osatu nahi dugu”. Jasotako salaketekin enpresa eta erakundeei eskaerak luztuko dizkiete.


LABen egoeraren azterketa
Langabeziak behera egin duela aitortuta ere, “datuek ezkutatzen dutena” nabarmendu nahi izan du LABek. Azken bost hilabeteetan egin diren kontratuetatik mugagabeak %7,6 besterik ez direla azpimarratu du. Estreinakoz kontratu gehien zerbitzuen sektorean egin direla ere gaztigatu dute. Uhartek azaldu duenez, “emakumezkoen kontratazioa (%51,44) gizonezkoena baino altuagoa bada ere, emakumezkoek kontratu mugagabe gutxiago dituzte (%42,7)”. Emakumeak “normalean” zerbitzu pribatuetarako kontratatzen dituztela eta sektore hori “lanpostu feminizatu gehien eta jardunaldi partzial gehien dituena da; ondorioz, prekarietatea hedatuen dagoena da”.

Uhartek nabarmendu du behin behinekotasuna eta prekarietatea lotuta daudela. “Orokorrean behin behineko kontratuak egin dira gure eskualdeko industrietan. Enpresa askotan bi soldata eskala daude lan erreforma aplikatzearen ondorioz. Kontratazio berriek, gehienetan, lan baldintza kaxkarragoak pairatzen dituzte”. LABetik salatu dutenez, “behin behineko kontratu gehienak legez kanpo eginak daude. Kasu askotan lan ikuskaritzaren aurrean salatu da eta ondorioz batzuk mugagabeko kontratua lortu dute”. Eskubideak defendatzeko antolatzen direnek batzutan zigorrak jasotzen dituztela gaztigatu du.

Sakanadarrek inguruko eskualdeetan lana opatu dutelako langabeziak behera egin duela azaldu du Uhartek. Langabezia eta kotizazio datuen jaitsierak alderatu ditu. “Langabetuen %54ak zerbitzuen sektorean aurkitu du lana. Inguruko eskualdeetan Sakanan baino garatuago dago sektore hori, hemen %25,25 besterik ez baita”.

Lan erreformak lan baldintzak okertzea ekarri duela nabarmendu. Sakanan eragin gehien duen lan hitzarmena metalgintzarena dela gogorarazi du Uhartek. Eta sektorerako UGTk eta CCOOk sinatutako hitzarmenak baldintzen galera ekarri duela ere. “Langileak antolatu diren enpresetan hitzarmena ez ezik lan baldintzak mantentzea lortu dute”. Sakanan “lan ordu gehiago sartzen dira, eros ahalmena galdu da eta ordu estrak sartzen ari dira”.

Lan merkatuan aukerarik ez dagoenez ikasleek ikasketak luzatzea erabakitzen dutela azaldu dute LABetik. “Gazteek beranduago ematen dute izena Nafarroako Enplegu Zerbitzuan”. Helduei dagokienez, 2011ra bitartean kaleratuak izan ziren eta 50 urtetik gora zuten langile askok “lana bilatzeko zailtasunak izan dituzte eta aukera izan dutenean erretiroa bilatu dute, 61 urterekin jubilatu eta pentsioen galera handia izan dute”.


Plan estrategikoaz
LABetik azaldu dutenez, “gaur egun Sakanarendako eredu ekonomiko eta sozial berri bat eraikitzeko adostasuna dago gizartean, eragile politiko, sozial eta sindikalen artean. Positibotzat jotzen dugu orain arte sakandarrok bakar bakarrik eraiki dugun bideak Nafarroako Gobernuaren laguntza izaten hastea”. Uhartek esan duenez, “konbentzituta gaude elkarlanean egungo egoera gainditu eta sakandarrendako etorkizun hobea eraikitzeko gai izanen garela”. Horretarako, “beharrezko” jo du lantokietan eta kalean antolatzea.  



Datuak
Lanpostuak
Finantza krisiaren eraginez, aurreneko bost urtetan %32 murriztu ziren lanpostuak. Suntsitutako lanpostuetatik 900 sei enpresei zegokien. Gizarte segurantzan kotizatzen duten sakandarren datuen bilakaera behean.

Urtea   Kopurua
2008    6.722
2013    4.532
2015    4.130


Enpresen tamaina
Tamaina                       Zenbat enpresa     Zenbat langile
5 langile baino gutxiago    544    %78,38        939    %22,73        
6 eta 30 langile artean      126    %18,15     1.567    %37,94
30 langiletik gora                24    %3,45       1.624    %39,32
Guztira                            694                     4.130


Langileak sektoreka
Sektorea            Langile kopurua
Industria                      2.228*  %53,94
Zerbitzu pribatuak        1.043    %25,25
Eraikuntza                     247    %5,98
Administrazio publikoa  224    %5,42
Irakaskuntza                 185     %4,47
Soziokomunitarioa        127     %3,07
Lehen sektorea              76     %1,84
Guztira                     4.130
*Metalgintzako lan hitzarmena dutenak 1.746 langile dira.