“Biktima guztien aitortza eta erreparazioaren bidean pausuak emateko garaia da”

Guaixe 2016ko mar. 11a, 09:12

Motibazio politikoengatik hil zituztenen senideek eta lagunek horixe eskatu zuten Iruñean herenegun. Biktimen aitortza eta erreparazioa “bazterkeriarik gabe” egiteko eskatu zuten. Agerraldia egin zuten hildakoen senide eta lagunen artean Mikel Arregi (Lakuntza), Anjel Gurbindo (Olatzagutia) eta Josu Zabala (Etxarri Aranatz) zeuden.

Nafarroako Gobernuari “borondate aldaketa” aitortu zioten, baina egia zein erreparazioaren printzipioak defenditzerakoan “hitz hutsetan” ez geratzeko eskatu zioten. “Urte luzez, erabateko bazterketa ofiziala eta instituzionala” izan zutela kritikatu zuten. “Bizi genuen egoera merezi genuela edo haren errudun ginela sinetsarazi digute. Ukatu egin zaigu justizia eta egia izateko eskubidea”. Joan den urtean Nafarropako Parlamentuak onartutako legeak eta erakundeko agerraldiak “egindako minaren erreparazioa egiteko aukera eman zuen”.

Baina Nafarroako Parlamentuak onartutako legeari estatuak Espainiako Auzitegi Konstituzionalean helegitea jarri zion. Kritikatu zutenez, “ Boterearen Gehiegikeri Delituen Biktimendako ezarritako justiziarako oinarrizko eskubideen inguruko Nazio Batuen adierazpenaren kontra jo du azken finean”.