I.Sakanako Lurgaineko Rallya, bertan behera

Guaixe 2016ko mar. 14a, 11:09

Martxoaren 19an eta 20an jokatzekoa zen baina Sakana Motorsportek ezingo du antolatu, bi pertsonek Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuan kexua jarri eta baimena kendu dietelako

Sakana Motorsport taldearen aspaldiko ametsa zen Sakanan lurgaineko rallye bat antolatu ahal izatea. Lan guztiak eginda, ibilbidea prestatuta, Olaztiko eta Altsasuko udalen baimena eskuan eta bete beharreko arau guztiak beteta eta zehaztuta, asteburu honetan, martxoaren 19an eta 20an jokatu behar zen I. Sakanako Lurgaineko Rallya, Olaztiko eta Altsasuko dermioetan. Baina azken uneko erabaki batengatik bertan behera geratu da. Nafarroako Gobernuko Ingurumen-kudeaketa sekzioak ez du rallya emateko baimena eman, bi partikularrek aurkeztutako kexua aintzat hartuta. Horrela, ezingo da proba ospatu. Rallya Nafarroako Lurgaineko Rallyen Txapelketarako, Lurgaineko Open ASR KUMHO txapelketarako eta Lurgaineko RACVN Koparako baliagarria zen.

Arrazoiak
Sakana Motorsportek igorritako prentsa oharrean salatu dutenez, “Ingurumen-kudeaketa sekziotik komunikatu ziguten erabakia hartzeko Olaztiko Udalarekin harremanetan jarri zirela, baina hori ez da horrela”. Ingurumen-Kudeaketa Sekziotik adierazi dietenez, rallyak ingurumenean eragina izan dezake, bertan babestutako espezieak aurkitu direlako, eta berriki konpondu zen Zaparregiko pista hondatu daiteke. “Baina gaur egun, bertan basoko lanak egiten ari dira, zuhaitzak eta enborrak ateratzen. Nonbait, motozerren, makinen eta kamioien hotsak ez du eraginik ingurunean eta autoenak, bai. Eta, nonbait, pisuz betetako kamioi horiek ez dute pista hondatzen eta guk bai. Gainera, eremu hori trenbidearen paraleloa da; trenek sekulako hotsa egiten dute, espezieak kaltetu ahal dituena, eta ez da trenen pasaera galerazten” salatu du Sakana Motorsportek.

Sakana Motorsportek gogoratu nahi izan du taldea osatzen duten kideak, Sakanako motorzaleak eta kirolariak direla, eta taldea etekinik asmoko taldea dela. “Motorraren munduko ekitaldiak antolatzea da gure helburua, Urbasako Igoera, esaterako”.


Elkartasuna
Sakana Motorsportek egunotan erabakiko du zer egingo duen I. Sakana Lurgaineko Rallya bertan behera gelditu eta gero. Urriaren 1ean 36. Urbasako Igoera antolatuko dute, eta aurrerago rallya antolatzerik duten edo ez aztertuko dute.

Erabakiak hautsak harrotu ditu eta elkartasun handia jaso dutela aitortu dute Sakana Motorsportekoek. Halaber, ekitaldia bertan behera geratzeak Sakanan beste motako kalteak sortu dituela nabarmendu dute. “Inguruko hotel eta landetxeetan egindako erreserba guztiak bertan behera geratu dira. Parte-hartzaileak kontuan hartua, asteburuan barna 120 lagun bertan egotea aurreikusten zen”.