Etxarrik eta Lagun Arteak irabazi

Guaixe 2016ko mar. 14a, 12:00

Preferente maila. 24. jardunaldia: Etxarri Aranatz 1 – Beriain 0 / Aurrera KE 2 – Lagun Artea 3

Asteburua polita izan da gure taldeendako. Etxarrik 1 eta 0 irabazi zion Beriaini San Donato zelaian jokatutako partidan. Lehen zatian bi taldeak parez pare aritu ziren, baina Etxarrik arrisku gehiago sortu zuen. 35. minutuan Alainek Etxarriren aldeko gola sartu zuen, jokaldi ederra borobilduz. Bigarren zatian Etxarrik kontrolatu zuen jokoa, baina sortutako aukerak ez zituen gauzatzen. Beriain ere saiatu zen, baina Etxarrik ongi dominatu zuen eta markagailua ez zen gehiago mugitu.

Leitzan jokatutako partidan hiru puntuak Lagun Arteak eraman zituen. Bi taldeek lehia ederra eskaini zuten. Leitzako atera iritsi zen lehenengo aldian gola sartu zuen Lagun Arteak, zazpigarren minutuan, Sergiori esker. 25. minutuan Lagun Artearen bigarren gola iritsi zen, Aitorrek sartutakoa. Atsedenaldia baino lehen gola sartu zuen Aurrerak eta, atzera ere, partidan sartu zen. Bigarren zatian Aurrerak dominatu zuen eta bina berdintzea lortu zuen. Bi taldeek garaipenagatik borrokatu zuten. Leitzarren akats batean penaltia ikusi zuen arbitroak eta Josebak penaltiz sartutako golari esker 3 puntuak Lakuntzara ekarri zituen Lagun Arteak.

Garesek jarraitzen du preferente mailako lider (50 puntu). Etxarri Aranatz laugarrena da (40 puntu) eta Lagun Artea seigarrena (37 puntu). Asteburuan Etxarri Aranatzek sailkapenean 7.a den Beriain hartuko du eta Lagun Arteak 8.a den Urroztarra.