Udaberrian bi etxarriar Espainiako Auzitegi Nazionalean epaituko dituzte. Epaiketa horiek salatzeko eta epaiketa politikoen kontra egiteko dinamika bat abiarazi dute Etxarrin eta Sakanan. Lehenik eta behin gogorarazi dute Patxi eta Joxe torturatu egin zituztela eta espetxean ia bi urte eman zituztela. Dinamikako bozeramaileek salatu zutenez, “epaiketa horiek burutzea astakeria da tortura berak prozesu osoa baliogabetzeaz aparte, ustezko delituak aktibitate politiko hutsa direlako. Hau da, Eskubide Zibil eta politikoek aitortzen dituzten eskubideak (adierazpen askatasuna, elkartze askatasuna, biltzeko askatasuna, adierazpen politikotan parte hartzeko eskubidea …).
Abiarazitako dinamikaren nahia sakandarrak “eskubide zibil eta politikoen defentsan kalera ateratzea da”. Horrekin batera, “Sakanako herritarrak disidentzia zigortzen duen salbuespenezko legedia arbuia dezan bilatzen dugu eta Sakanako jendea euren eskubideen defentsan ahalduntzea bilatzen dugu”. Era berean bi etxarriarrak eta egoera berean dauden sakandarrak (Edurne, Ainara, Ruben, Adur eta Fran) epaituak ez izatea eskatzen dute.
Adarrak
Dinamikaren sustatzaileek “ epaiketa politikoen kontrako deiadarrak biltzeko” Sakanako hainbat herrietan adarrak banatu dituzte. “Epaiketa politikoen kontrako atxikimenduak” jasotzeko eta epaiketa zain dauden auzibidean dauden sei sakandarrei elkartasuna ikustarazteko argazkiak egitea eta etxarrilibre@gmail.com e-posta helbidera bidaltzea proposatu dute. “Adarraren alarma deia, adarraren elkartasun deiadarra” bihurtu nahi dute, “bihur dadila bere soinua askatasun garrasi eta borrokarako deia”.
Etxarri Aranatzen Elkartasun Eguna antolatu dute apirilaren 23an. Egun horretan, 20:00etan, Epaiketa politikorik ez; Xafan eta Joxe aske! lelopean manifestazioa deitu dute eta sakandarrei parte hartzeko deia egin diete.
www.joxetaxafanaske.org
Dinamikaren informazioa eta antolatuko ekintzen berri emanen dute orrian.