Arrazakeria kontrako nazioarteko egunak, (martxoaren 21), solidarioagoa izanen den mundu bat eraikitzeko aukera eskaintzen digu, urtero. Tamalez, eta zorionez, aldaketarako aukera gure esku dagoelako, beti.
Ekintza eta jarrera arrazista eta xenofoboak, gero eta ohikoagoak dira azkenaldi honetan. Gogoz kontra etxetik atera, gatazketatik, biolentziatik edo miseria gorritik ihesi, ederki gotortu den Europara iritsi nahian dabiltzanak gero eta gehiago dira, eta kopurua geldiezina eta goranzkoa da. Bidean tratu txarrak, tortura, bortxaketak, esplotazioa, bahiketak, tratukeriak, menpekotasuna … jasan eta gizaki asko eta asko hiltzen dira.
Baina berdin duela dirudi. Haien bizitzak gutxiago balioko balute bezala. Nola da posible onartzea Grezian eta hainbat tokietan errefuxiatuekin gertatzen ari dena? ¨Zorioneko paradisua”. Zorionekoa? Paradisua? Norentzat? Non? Zein? Europa???
Bitartean, Europako gobernuek beste aldera begiratu eta mugak gotortzen dituzte, hainbat eta hainbat eskubide urratuz. Ahaztuko balute bezala duela ez denbora gehiegi ere, asko eta asko izan zirela Europatik Ameriketara migratzaile –arrazoi eta egoera berean–, joan izan zirenak.
Eskuin muturreko talde erradikalak, eskrupulurik gabeko politikariak eta hainbat komunikabide lan fina egiten ari dira gertaerak desitxuratzen, gure gaitz eta sufrimenduen errudun ihesi dabiltzanak, migratzaileak, beste kulturetakoak….. ikustarazten. Egia osoa ez da ia inon argitaratzen, ordea. Eta gehienetan sinisten diegu.
Datorkiguna ez da xamurragoa! Errefuxiatuak jasotzearen kontra azaltzen den gobernuaren indarra Alemanian! Non geratzen dira, ba, libre ibiltzeko eskubidea, berdin tratatuak izatekoa, babesa jasotzekoa…?Pertsona guztiak berdinak garako, atera gaitezen zentzugabekeria honetatik. Baina IA!