Seme-alaba nerabeekin sexuaz hitz egiteko gomendioa giroan dago, baina gaiari neurrian heltzea ez da gauza erraza gurasoentzat.
Horren haritik, Euskadi irratiko saio batean, etxean eta eskolan jasotako heziketaz galdetuta, gazte guztiek erantzun zuten “etxean batere ez, eta eskolan erreprodukzio sistemaren deskribapenaren eta antisorgailuen erabileraren gaineko azalpen sinple batetik haratago deus gutxi”. Hala ere, tertuliakide batek argi utzi nahi izan zuen eskolako curriculumean ederki jasota daudela sexuari buruzko alderdi guztiak.
Bestalde, liburutegian, kuxkuxean, ohartu nintzen gazteei bideratutako aldizkari batek sexuari buruzko hiru artikulu zituela. Lehenengoa harremanak eta adimen emozionalari buruzkoa zen. Nork bere burua ezagutzea, autoestimua, emozioak eta sentimenduak nola kudeatu, eta bikote harreman onuragarriak eraikitzeko proposamenak. Bigarrenak larrua jotzeko bi teknika garatzen zituen: bata, “Cuenca” informatika aplikazio bat, GPSa baliatuta, lau hanketan azaltzen den irudiari sarketa egiteko; bestea, “pajimetroa” mugikorrerako aplikazioa masturbatzen ikasteko, zeinek, eskumuturrean jarrita, denbora, indarra eta gastatutako kalorien informazioa ematen duen. Hirugarrena, bi neska gazteri egindako elkarrizketa. Erantzunen arabera, larru jotzeak barra-barra, han-hemengoak alderatuz, larru beharrak asetzeko haina ligatuz, betiere plazerra erdigunean jarriz, klitosexuaz, eta abar.
Eta hor daude jai giroan kalimotxoa eta kondoiaren konbinatuak iradokitzen dituzten kanpainak, eta ez dira gutxi “topasex” eta “sexmetraia” bezalakoak sexuaren gaia ardatz hartuta.
Sexualitatea, gizabanakoaren izaera garatzeko atala -harremanak, afektibitatea, komunikazioa eta atsegina- ala kontsumorako beste produktu zabor bat.
Aingeru Mikeo