GRAVNI-an murgilduta daude pilotari eta palista sakandarrak

Maider Betelu Ganboa 2016ko mar. 16a, 13:00

Palista etxarriarrak. Haietako batzuk GRAVNI-an dabiltza lehian.

Iparraldek parte har dezan hartu emanek aurrera darraite

Asteburuan hasi zen GRAVNI txapelketa, Gipuzkoa, Errioxa, Arabaz, Bizkaia, Nafarroa eta Iparraldeko taldeen pilota txapelketa, afizionatuen mailako txapelketa inportanteena, eskuz eta erramintan jokatzen dena. Tamalez, polemikarekin hasi da, Iparraldeko pilotariek Frantziako Euskal Pilota Federazioaren eskutitza jaso baitzuten, aipatu txapelketan parte har ez zezaten eskatzen zuena. Nonbait, Espainiako Pilota Federazioak presionatuta hartu zuen erabakia Frantziako Federazioak. Lehen jardunaldian Arabaren kontra aritzea tokatzen zitzaion Iparralderi eta bertan behera geratu ziren partidak. Egun, federazioen artean mota guztietako hartu-emanak ari dira aurrera eramaten, Iparralderen parte-hartzea lortzeko.  

Nafarroa vs Gipuzkoa
GRAVI txapelketako lehen jardunaldian Nafarroak Gipuzkoa izan zuen aurkari. Trinketeko emakumezkoen paleta argentinarreko jubenilen mailan, Espinalek eta Parotek (Nafarroa) 19 eta 30 galdu zuten Gipuzkoaren kontra. Aldiz, senior mailan Aristorenak eta Anduezak (Nafarroa) 30 eta 15 irabazi zioten Gipuzkoako Aburuzari eta Garmendiari.
Frontoian, emakumezkoen paleta gomako partidak Etxarrin jokatu ziren. Jubenilen mailan Murillok eta Mendinuetak (Nafarroa) 30 eta 18 irabazi zieten gipuzkoarrei, eta 22 urtez azpian Igoak eta Lasak (Nafarroa) galdu egin zuten, 27 eta 30, Maiza eta Huiziren kontra (Gipuzkoa).
Bestalde, eskuz binakako nagusien mailan Yoldik eta Lasak galdu egin zuten, 16 eta 22, gipuzkoako Labaka eta Gorrotxategiren kontra.