Cederna-Garalurrek 53 ekintzaile lagundu zituen 2015ean

Guaixe 2016ko mar. 20a, 12:13
Cederna-Garalurreko zuzendaritza.

Haietatik 26k autoenplegurako pausoa eman zuten.

Cederna-Garalurrek Sakanan ekintzailetasuna laguntzeko zerbitzua eskaintzen du. Joan den urtean zerbitzu horretan 32 emakumezko (%60) eta 21 gizonezkoren (%40) kontsultak jaso zituzten. Cederna-Garalurren 53ei euren egitasmoa aurrera eramateko laguntza eskaini zieten eta 26 izan ziren autoenpleguaren bidez enpresa sortu zutenak.

Cederna-Garalur Sakanan

Bere enpresa-ideia garatu nahi duen ekintzaileak Cederna-Garalurren jaso dezakete babesa. Egoitza Utzuganen, Sakanako Garapen Gunean du, Arbizuko Utzubar industrialdean. Susana Mendinuetak eta Oskia Lazkozek, astelehenetik ostiralera, 9:00etik 14:00etara, ekintzaileei honako laguntza eskaintzen diete: diru-laguntzei buruzko informazioa; jarduera bat martxan jartzeak berekin dituen betekizunei buruzko informazioa; proiektuaren bideragarritasuna aztertzeko laguntza eta elkarte motei buruzko aholkularitza eta informazioa ematen dute.