Iñigo Aritza ikastola, zuntz optiko bidez konektatuta

Guaixe 2016ko mar. 17a, 18:13
Ikasleak gelan ordenagailuekin. Utzitakoa.

Altsasun kokatuta dagoen ikastolak zuntz optiko bidez konektatzeko apustua egin zuen. Hiru hileko kontua izan behar zuenak bederatzi izan ziren, baina otsailaren 12az geroztik Iñigo Aritza ikastolan zuntz optiko bidez konektatuta daude. Ikastolatik esan dutenez, horrela konektatuta dauden Sakanako aurreneko ikastetxea dira. “Aldaketa ikaragarria da, orain 50 ikasletik gora, batera aritu daitezke lanean, bakoitza bere ordenagailutik”.

Iñigo Aritzatik gogorarazi dute aspalditik ari direla teknologia berriekin lanean: “LH 3tik aurrera ikasle bakoitzari ikastolako posta elektroniko bat ematen zaio.  LH3., 4., 5. eta 6. urteetan Ikasys programarekin aritzen dira, bakoitzak bere mahaian ordenagailuarekin lan egiten duelarik. LH5 mailan mekanografia lantzen dute sistematikoki eta, horretaz aparte, Drivek ematen dituen baliabideez baliatzen dira lanak egiteko”. Bestetik, Euskal Herri osoko ikastoletan txertatu den Eki proiektu berria eta berritzailea aipatu dute. “Konpetentzietan oinarritzen den hezkuntza proiektu integrala da eta teknologia berrien konpetentziek garrantzi handia dute”. DBHko lehen bi mailetako ikasleek gelan ordenagailuarekin ari direla azaldu dute.