"25 urtetan garraioaren sektorea ez da asko aldatu"

Erkuden Ruiz Barroso 2016ko mar. 24a, 08:05

Luis Alberto Besga, Transakanako zuzendaritzako kidea.
Transakanako bazkideak eta kide ohiak larunbatean kooperatibaren 25. urteurrena ospatzeko elkartu ziren.

1. Zergatik sortu zen kooperatiba?
Urte horietan garraioaren egoera jasangaitza zen. Autonomoak ginen eta bakoitza bere aldetik ibiltzen zen. Urte bat lehenago garraio greba handi bat izan zen, ezagutu dudan handiena. Sakanako autonomoak bildu ginen eta hogei egunez elkarrekin egon ginen. Bertan egoeraz hitz egin genuen eta kooperatiba bat sortu behar genuela erabaki genuen. Hori izan zen kooperatibaren jatorria. Hurrengo urtean, 1991an, kooperatiba sortu zen.

2. Zein onura ditu kooperatibista izateak?
Lehenengo gauza, bazkide izatean elkarrekin aritzen zarela eta, ondorioz, indar handiagoa duzula. Lana, zamaketari edo eskaintzen aurrean enpresa bezala aurkezten zara eta indar handiagoa duzu. Honen xedea kostuak merketzea da. Erregaia, esaterako, 50 bazkide garela esaten baduzu eta gasolioa merkeago nahi dugula, askoz errazagoa da lortzea. Lana ondoren iritsi zen, izan ere, garai horretan bakoitzak gure lana genuen. Askok enpresa berdinerako lan egiten genuen, baina gure kabuz. Baina garraio enpresa bat zarenean bezeroen aurrean beste modu batean aurkezten zara eta, horrela, lana pixkanaka iritsi zen.

3. Kooperatibistei zein zerbitzu eskaintzen zaie?
Garraioaren eginkizunean sortu daitezkeen kostuak merketzea, batez ere. Lehenengo gauza gasolio hornigailu bat jartzea izan zen. Bazkideek erregaia merkeago lortzen dute, baita behar duten gainerako guztia ere: gurpilak, aseguruak, eta abar merkeago lortzen ditugu. Lan egiteko behar duguna, azken finean. Enpresa bezala ere eskaintzen gara. Autonomo bezala egotea baino egoera egonkor bat da hau. Eskualdeko enpresa guztiek ezagutzen gaituzte. Batzuk hots egiten gaituzte, beste batzuk ez; merkatua horrela da.

4. Lanak nola banatzen dituzue?
Enpresa txiki bat da eta ez dauka zailtasun handiegirik. Trafiko buru bat dugu, honen bi laguntzaile eta garraioari begira hiru pertsona daude. Administrazio lanetan beste pertsona bat dago. 27 kamioi ditugu. Azken aldian bajan hiru egon dira, baina normalean 27 kamioi ditugu.

5. Kamioiak norenak dira?
Autonomoen kooperatiba bat gara, beraz, kamioiak garraiogile bakoitzarenak dira.

6. Zenbatero aldatzen dituzue kamioiak?
Kamioiek 100.000 kilometroko bizitza dute. Kamioiak bidaiaren arabera aldatu daitezke. Adibidez atzerrira askotan bidaiatzen duenak kilometro gehiago egiten ditu, eta, ondorioz, lehenago aldatu beharko da.

7. Zein sektoreendako lan egiten duzue?
Oraintxe bertan edozer gauza kargatzen dugula esan dezakegu, edozein merkantzia eramateko aukera dugu. Granelak edo likidoak izan ezik, edozein gauza: burdina, egurra, eraikuntzarako materiala, eolikoak...

8. Nola aldatu da garraioaren sektorea 25 urteetan?
Garraioaren sektorea ez da asko aldatu. Eskaintza eta eskariaren arabera lan egiten da eta autonomoen kontua beti egon da. Miseria batengatik nik ez badut kargatzen beste bat etorriko da eta kargatuko du. Guk politika bat jarri dugu eta ez dugu kostuen azpitik kargatzen, bizitza garraioarekin aurrera eraman nahi dugulako.

9. Kooperatibistek lan kargari aurre egin ezin diotenean, zer egiten duzue?
Garraio agentzia edo operadorea ere bagara. Beraz, zerbait ezin badugu egin beste garraio kooperatiba batera deitzen dugu edo beste garraio enpresa batera. Nahi gabe sare bat sortzen da eta gure artean harremanetan gaude etengabe. Bezeroek beti izanen dute haien zerbitzua.

10. Zer nolako bidaiak egiten dituzue?
Duela 25 urte hasi ginenean gehien bat eskualdean eta Espainia mailan egiten genituen bidaiak, baina krisiarekin esportaziora lan egiten dugu. Egiten dugun bidaiarik luzeena sei eguneko jardunaldia izaten da. Egindako azken analisien arabera hori ondoriozta dezakegu, ez bazara kanpora ateratzen, ez duzu lanik egiten. Beraz, enpresa txiki bat garen heinean hemen gelditzen bagara, ezinen genuke aurrera egin.

11. Beraz, krisi ekonomikoa nabaritu duzue.
Bai. Krisiak lan guztietan jo du, baita garraioan ere. Garraioa ekonomiaren zutabe garrantzitsu bat da eta, azkenean, jo egin du ere. Enpresa asko desagertu dira, autonomo bezala jarri ziren askok utzi behar izan dute... Asko nabaritu da. Esportazioan aritzen ez diren lanetan gehien bat. Ekonomiaren aldetik ere garai gogorrak jasan ditugu. Ez dut esanen krisia bukatu dela ezta gutxiago ere, izan ere, gaur dagoena bihar desagertu daiteke. Baina aurrera egin dugu.