2010. urtean Made in Earth (MiE) arkitekto talde italiarra Terre des Hommes Core Trust Indiako Gobernuz Kanpoko Erakundearekin (GKE) elkarlanean hasi zen, Indiako Tamil Nadu eskualdeko bizilagun behartsuenentzat eraikin eta jarduera sarea sortzeko helburuarekin. Lankidetza horretatik sortutako lehendabiziko proiektua "Casa Rana" eraikina da, zeina umezurtzendako arreta bereziko programa baten parte ere baden. Egun etxebizitza GIB.a duten 15 haurrei aterpea emateaz gainera, hauen heziketaz ere arduratzen da. Proiektua aurrera eramateko, egungo eraikuntza materialak erabili dira eskualdeko eraikitze teknika tradizionalak aplikatuz.
Eraikinaren egitura hormigoizko bi losek osatzen dute. Oinarrizko lauza, uretik babesteko zorutik altxatzen dena, eta estalki lau erabilgarriak.
Bi egitura elementu hauen barnean, libreki kokatutako adreiluzko bost kutxa daude. Tokiko eraikitze teknikak erabilita jasotako bolumen hauek beharrezko funtzio guztiak biltzen dituzte: sukaldea, egongela, partekatutako bainugelak eta lau logela. Kolorezko kaxak estalkitik harago hedatzen dira, sabai-leiho bihurtuz eta aldi beran aireztapen naturala bermatuz. Adreiluzko egitura hauen arteko kanpo-barne espazio hutsek, distribuzio espazioak izateaz gainera, jolas eta topaketa eremuak ere badira.
Itxiturari dagokionez, banbu-errezel batek eraikina bildu eta eguzkitik babesten du, itzal-eremuak barruko eta kanpoko espazioen artean sortuz.
Arkitekto taldeak erabiltzaileak diseinu prozesuaren parte egin nahi izan ditu, umeen parte hartzea ere kontuan hartuta, marrazki eta jokoekin. Marrazki hauen erantzule kolorezko kaxen konposizioa da. Adituen laguntzarekin bertako bizilagunek parte hartu dute eraikinaren eraikuntzan.
Programa honen helburua, kooperazio proiektuen bitartez behartsuenendako etxebizitza eraikinak egitea da, tokiko eskulana erabiliz eta, aldi berean, bizilagun behartsuenen integrazio soziala bermatuz.