Hautetsiak erabakiguneak herrietatik gertu egotearen alde

Guaixe 2016ko mar. 27a, 11:03

Udal maparen berrantolaketa nola izatea nahi luketen aztertu zuten bilera batean.

Leitzaran, Basaburua, Imotz eta Sakanako 50 bat hautetsi Irurtzunen elkartu ziren pasa den ostegunean. Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak egindako deialdia zen. Nafarroako Gobernuak toki administrazioaren mapa, udal mapa, berrantolatu behar du. Hori dela eta, federazioak toki erakundeek lege berrirako dituzten proposamenak jaso eta jarrerak zehazteko eskualdekako zortzi bilera deitu du. Irurtzungoa haietako hirugarrena izan zen. Hiru saiotan 160 bat hautetsi elkartu ziren.

Talde dinamiken bidez hautetsiek hiru gairen inguruan iritziak partekatu eta adostasunak jaso zituzten. Lehenik, toki entitateek izan beharreko eskumenak zein izan behar diren aztertu zituzten. Kontzejuek eta udalek zein eskumen izan behar dituzten eta zein ez aztertu zuten, baita arrazionalizatzeko modua zein izan zitekeen ere. Ondoren zein erakunde mota egon beharko lukeen eta nolakoak izan beharko luketen landu zuten. Bukatzeko, toki erakundeen finantziazioa izan zuten aztergai. Talde dinamiken ondoren, hautetsi bakoitzak galdetegi bat erantzun zuen.

Federaziotik azaldu digutenez, Irurtzunen bildutakoek zenbait zerbitzu elkarrekin eman beharra daudela ikusi zuten, bestela, kontzejuak edo udalak txikiak direlako. Hala ere, guztiek elkartutako zerbitzu horiek toki erakundeetatik gertu egotea nahi zuten. Mankomunatutako zerbitzuak biltzen zituen erakundeek tamaina txikia eta erabakitze gunea gertu izan behar zituztela uste zuten 50ek. Horretarako, bi aukeren alde egin zuten: toki erakundeek eskumenak gordetzea eta mankomunatutako erakundeak laguntzarako talde bat izatea, edo udalek bere eskumenak mankomunitateei edo eskualde erakundeei uztea eta haiek zerbitzua eskaintzea. Inork ez zuen gauzak dauden eran segitzerik nahi, ezta erabakigunea urrun duten mankomunitate handirik nahi.

Maiatzerako
Federazioaren bilera erronda apirilaren 29an despedituko da. Bileretan jasotako ekarpenekin eta inkesten emaitzekin federazioak agiria osatuko du. Legearen inguruan lan egiteko federazio barruan  hainbat hautetsirekin sortutako deliberazio batzordeak agiria osatuko du. Azken txosten hori Nafarroako Gobernuari emanen diote kontuan izan dezan. Foru administrazioak ematen dituen pausuen arabera federazioak urrats berriak eman ditzake.