Euskal Herriko Itzulia Sakanatik pasako da

Guaixe 2016ko api. 4a, 13:02
Aurretik ere pasatu izan da Euskal Herriko Itzulia Sakanatik.

Apirilaren 6an, asteazkenean, Gasteiz-Lesaka etapak Sakana zeharkatuko du

Gaur hasiko da Euskal Herriko Itzulia. Tropeleko izarrak lehiatuko dira bertan: Nairo Quintana, Alberto Contador, Aru, Joaquim “Purito” Rodríguez, Sergio Luis Henao, Dan Martin, Ion Izagirre… Itzulia gogorra izango da, 32 portu gainditu beharko dituzte, guztira, eta horrek tropeleko eskalatzaile onenak erakarri ditu. Itzuliak 6 etapa izango ditu guztira. Gaurko etapa Etxebarrian hasi eta Markina-Xemeinen despedituko da (82 km). 8 portu gainditu beharko dituzte, bigarren mailako Azkarate, San Migel, Aiastia eta lehen mailako Ixua tartean.

Sakanakoa
Munduko txirrindularirik onenak Sakanatik pasako dira apirilaren 6an, asteazkenarekin. Egun horretan Euskal Herriko Itzuliko 3. etapa egonen da jokoan, Gasteizen hasi eta Lesakan despedituko dena (194,5 km).
Asteazkeneko etapa 12:05ean abiatuko da, Gasteizen, eta lautada zeharkatu ondoren Andoindik sartuko da Ziordira, 13:00ak inguruan. Ondoren Sakana zeharkatuko du –Altsasu (13:06), Etxarri Aranatz (13:20), Lakuntza (13:30)…– eta Irurtzundik (13:55) Plazaolako Tunelera sartu (13:56) eta Lekunberri aldera egingo du. Ondoren, 5 mendikate igo beharko dituzte. Uitzi (3), Usategieta (2), Aritxulegi (2), Agiña (2) eta La Piedad (3) Lesakan despeditzeko.