Garapenerako tresna, Sakanako Industrialdeen Inbentarioa

Guaixe 2016ko mar. 28a, 11:07

Martxoaren 31n, ostegunean, 17:00etan, Arbizun dagoen Utzugane, Sakanako Garapen Gunean aurkeztuko dute.

Sakanako Garapen Agentziak (SGA) sustatuta Sakanako Industrialdeen Inbentarioa sortzen ari dira. Horretan buru-belarri ari da SGAn energia, industria eta zerbitzuez arduratzen den Aitor Eguzkitza Diego. Berak argitu digunez, “inbentarioa Sakanan dagoen industriaren inguruko datu geolokalizatuek osatzen dute. Haiek gorde eta kudeatzen ditugu”. Gaur egun datu bilketa fasean daude, baina orain arteko lanaren aurkezpena eginen dute. Aurkezpena Arbizuko Utzubar industrialdean dagoen Utzugane, Sakanako Garapen Gunean eginen da, heldu den ostegunean, hilak 31, 17:00etan. Interesa duten udaletako kide eta enpresei zuzenduta dago aurkezpena. “Inbentarioa zertan datzan jakin eta proposamenak egiteko aukera izanen dute”.

Eguzkitzak azaldu digunez, “inbentarioa plataforma batean kokatutako datu-base bat izanen da, non industriari buruzko datuak eta geografia datuak elkartuko diren”. Plataforman sartzeko hainbat aukera izanen dira. Publiko orokorrak ez du sarbiderik izanen, baina bai udalek eta enpresariek. Inbentarioak bi datu mota jasoko ditu, batetik, ibarreko industrialdeen eta, bestetik, han dauden enpresei buruzko datuak jasoko ditu.

Guneez
“Inbentarioak industrialdea aktibo dagoen edo ez, eskaintzen dituzten zerbitzuen zerrenda eta beste datu batzuk jasotzen ditu”. Eguzkizak aukera horren erabilera praktiko baten adibidea jarri digu: “Sakanan kokatzeko interesa duten enpresek industrialde bakoitzean saltzeko edo alokatzeko dauden lursail edo pabilioien berri izateko balio du”. Inbentarioak, beraz, “Sakanan kokatzeko interesa dutenen beharrei gehien hurbiltzen den industrialdea begi kolpean aukeratzeko aukera ematen du”.

Bestalde, inbentarioa udalen industrialdeen kudeaketa errazteko tresna ere izanen da. “Inbertsioak egiterakoan, dauden aukerak eta beharrak ezagutzeko aukera emanen die, poligono horiek aurrera eramateko”. Etorkizunean udalek jarduera ekonomikoen gaineko zerga inbentarioaren bidez kudeatzeko aukera izan dezaten lanean ari da Eguzkitza.

Enpresak
Sakanako Industrialdeen Inbentarioak gune horietan dauden enpresei buruzko informazioa ere jasotzen du, zein arlotan lan egiten duten eta beste. SGA informazioa jasotzen ari da orain. Horrekin, sektore berean ari diren enpresen arteko lankidetza sustatu nahi da. Horrek merkatuak zabaldu eta ekoizpena handitzeko aukera emanen duela uste dute SGAn. “Elkarrengandik hurbil egonda ere, batzuetan ez dago argi besteak zer egiten duen”.

Enpresek bestelako erabilera eman diezaiokete inbentarioari: “Sakanan bertan hedatu nahi izanez gero zein lursail edo pabiloi dauden jakiteko aukera izanen dute. Edo saldu nahi badute, horretarako aukera ere ematen du”.

Beste erabilerak
Estatistikak ateratzeko, industrian aktiboen dauden guneak, non ez dauden aktibo eta zergatik... Hola datuak emanen dituen eta kudeaketa erraztuko duen plataforma da inbentarioa.