Aralarko santutegia Aste Santurako prest

Guaixe 2016ko martxoaren 23a

Fededun ugariren topaleku bihurtuko da, atzera ere, Aralarko santutegia Aste Santuan. Fededunen etorrerari erantzuteko elizkizun egutegia ere zehaztu dute. Hala, bai Ostegun bai Ostiral Sainduan mezak 17:00etan izanen dira Aralarren. Larunbatean elizkizuna 20:00etan izanen da. Pazko egunean, igandean, 12:30ean izanen da meza nagusia. Akaberan Aralarko aingeruaren irudia gurtzeko aukera izanen da.

Aralarko aingeruak urteroko herriz herriko ibilbidea igandean abiatuko du, 16:30ean. Santutegia utzi eta oinez, Atatik barnako bidetik Baraibarrera eramanen dute. 19:00etan iritsiko da hara. Pazko astean zehar aingeruaren irudiak Larraun eta Araiz ibarrak bisitatuko ditu. Baina, hurrengo larunbatean, apirilaren 2an, Uharte Arakilera iritsiko da, 19:45ean. Aingeruaren irudia bertan dela, Oskiako ermitan meza izanen da apirilaren 3an, igandean, 12:00etan. Elizkizun horrek arakildarrak elkartuko ditu. Oskiaren ondoren, apirilaren 4an, Aralarko aingerua Iruñean sartuko da, 19:00etan. Han emanen du aste osoa, ohiko bisitak egiten.