Derbia Etxarrirendako

Guaixe 2016ko api. 4a, 12:33

Preferente maila. 26. jardunaldia. Etxarri Aranatz 1 – Lagun Artea 0

Etxarri Aranatzek eta Lakuntzako Lagun Arteak preferente mailako derbia jokatu zuten igandean San Donato futbol zelaian. Halako partidetan gertatzen den bezala, 3 puntuak baino zerbait gehiago zegoen jokoan, Lagun Artearendako bereziki. Izan ere, goiko postuetara lotzeko urrezko puntuak zeuden jokoan.

Lehen zatian Etxarrik dominatu zuen. 9. minutuan Xabatek gola sartu zuen, Etxarriren jokaldi ederra borobilduz. Hortik aurrera Etxarrik dominatzen jarraitu zuen, baina ez zuen kontrako atea berriro zulatu. Bigarren zatian bi taldeak paretsu ibili ziren. Biek izan zuten markatzeko aukera, baina ez zituzten jokaldiak borobildu. Gainera, euriak partida gogortu zuen. Azkenean, Etxarri geratu zen jokoan zeuden hiru puntuekin. Azpimarratzekoa da zale asko bildu zirela Etxarrin partida jarraitzera, laurehundik gora, eta bi taldeen portaera eta kiroltasuna zoriontzeko modukoa izan zela.

Atzeratutako partidak
Bestalde, aipatzekoa da, elurragatik atzeratutako partida jokatu zuela Etxarrik martxoaren 24an, San Donato futbol zelaian, Burladesen kontra. 1 eta 3 irabazi zion Burladesek Etxarriri. Etxarrik aukerak izan zituen, baina ez zuen asmatu eta Burladesek, aldiz, izan zituen aukerak oso ongi aprobetxatu zituen. Halaber, Lagun Arteak, elurragatik atzeratutako partida jokatu zuen martxoaren 28an Zelai Berrin. Lakuntzako taldeak 2 eta 0 irabazi zion San Jorgeri. Lakuntzarrek dominatu zuten partida ia guztian, eta makina bat jokaldi sortu zituzten. Garaipen erosoa izan zen.

Aurrera eta Aibares, hurrengo arerioak
Garesek jarraitzen du preferente mailako lehen multzoko lider (54 puntu). Etxarri Aranatz laugarrena da, 46 punturekin, eta Lagun Artea seigarrena, 41 punturekin. Asteburuan sailkapenean azkena den Aurreraren kontra ariko da Etxarri Aranatz Leitzan. Aldiz, Lagun Arteak sailkapenean zortzigarrena den Aibares taldea hartuko du igandean Lakuntzako Zelai Berrin.