Katarain 12.a Cabraleseko Hiru Bertikaletan

Guaixe 2016ko api. 5a, 13:28
Beñat Katarain, Mikel Rubio eta Noureddine Jdi Cabraleseko Hiru Bertikaletan.

Zabalarteko Beñat Katarain, Mikel Rubio eta Noureddine Jdi eta Dantzaleku Sakanako Jose Antonio Salgadok Cabraleseko hiru bertikalak osatu zituzten

Bi egunetan hiru Km Bertikal osatu. Hori egin dute Lakuntzako Zabalarte klubeko Beñat Katarainek, Mikel Rubiok eta Noureddine Jdik eta Dantzaleku Sakanako Jose Antonio Salgadok. Asturiasen, Arenas de Cabralesen jokatu dira hiru lasterketa hauek, Cabraleseko Hiru Bertikalak, asteburuan, apirilaren 2an eta 3an.

Hiru Km Bertikalak
Korrikalariek 3 proba osatu behar zituzten. Lehenik eta behin, Calluengako Km bertikala (2,4 km, 984 m desnibel positiboa), bigarrenik Subisomas Km Bertikala (3 km, 1042 m desnibel positiboa) eta, hirugarrenik, Aventón Km Bertikala (1,8 km, 1004 m desnibel positiboa). Paraje zoragarrietan, malda ikaragarriei egin behar izan zieten aurre.

Calluengan, Ferran Teixido izan zen azkarrena (35:48). Beñat Katarain lakuntzarra 16.a sailkatu zen (42:00), Mikel Rubio irurtzundarra 22.a (42:58), Noureddine Jdi lakuntzarra 64.a (47:56) eta Antonio Salgado altsasuarra 95.a (54:23). Subisomas Km Bertikalean Ferran Teixido izan zen ere onena (39:48). Beñat Katarain 19.a sartu zen helmugara (46:13), Mikel Rubio 31.a (47:43), Jose Antonio Salgado 78.a (55:19) eta Noureddine Jdi 90.a (58:12). Eta, azkeneko igoeran, Aventon Km Bertikalean, Ferran Teixidok irabazi zuen (35:29), Beñat Katarain 18.a sailkatu zen (42:02), Mikel Rubio 58.a (47:42), Noureddine Jdi 92.a (53:16) eta Jose Antonio Salgado 102.a (54:40).


Horrela, hiru lasterketak kontuan izanda eta hiru denborak batuta, Ferran Teixido izan da Cabraleseko Hiru Bertikaletako garailea (1:51:05), Beñat Katarain 12.a (2:10:15), Mikel Rubio 30.a (2:18:23), Noureddine Jdi 71.a (2:39:24) eta Jose Antonio Salgado 82.a (2:44:22). Argi dagoenez, maila bikaina eman dute gure korrikalariek.

Beraza Montsenyko Ultratik kanpo
Larunbatean Montsenyko Ultra jokatu zen (80 km), aldi berean Espainiako Ultra Vedme 2016 txapelketa zena. Nafarroako selekzioarekin aritu da Jose Luis Beraza. 50. Kilometroraino ongi ibili zen uhartearra, sailkapenean 20. postuan gutxi gorabehera, baina orkatilan arazoak sumatzen hasi zen Beraza, hanka bihurritu eta gero, eta, azkenean 53. kilometroan utzi egin behar izan zuen proba.
Lasterketari dagokionez, 87 korrikalarik osatu zuten proba eta Gerard Morales (8:18:53) eta Gemma Arenas (9:17:35) gailendu ziren. Nafarroako selekzioko lehen sailkatua Xabier Zarranz izan zen, 21. Postuan iritsi zen helmugara (9:11:47).