Euskal Herriko Itzuliko lehen etapa Luis Leon Sanchezendako

Guaixe 2016ko api. 5a, 09:32

Azkeneko portuko jaitsieran jo zuen erasoa Astanakoak eta helmugako esprintean gailendu zen. Bihar Itzulia Sakanatik pasako da

Atzo abiatu zen izarrez betetako tropela duen Euskal Herriko Itzulia. Etapa hasieran sorpresa izan zen, Movistarreko Izagirre anaiek ezin izan zutelako proban parte hartu, gastroenteritisak jota. Contadorrek eraso egin zuen eta 51 txirrindulariz osatutako tropela geratu zen aurrean. Baina Aiastiako portua jaistean Navarrok eta Luis Leon Sanchezek ihes egin zuten eta esprint estuan Luis Leon Sanchezek irabazi zuen Euskal Herriko Itzuliko lehen etapa, Markina-Xemeinen. Bestalde, Rural Kutxa-Seguros RGA taldeko Jonathan Lastrak mendiko maillota janztea lortu zuen.

Gaur bigarren etapa jokatuko da, Markina-Xemeinen hasi eta Amurrion despedituko dena (174,3 km). Ibilbide gorabeheratsua izango dute txirrindulariek, Untzella (3), Krutzeta (2) eta Mendeika (3) portuak gainditu eta gero, Amurrioko Garrastatxu gainan (2) despedituko baita etapa.

Bihar Sakanatik pasako da Itzulia
Munduko txirrindularirik onenak Sakanatik pasako dira bihar, asteazkenean. Bihar Euskal Herriko Itzuliko 3. etapa egonen da jokoan, Gasteizen hasi eta Lesakan despedituko dena (194,5 km).
Etapa 12:05ean abiatuko da, Gasteizen, eta lautada zeharkatu ondoren Andoindik sartuko da Ziordira, 13:00ak inguruan. Ondoren Sakana zeharkatuko du –Altsasu (13:06), Etxarri Aranatz (13:20), Lakuntza (13:30)…– eta Irurtzundik (13:55) Plazaolako Tunelera sartu (13:56) eta Lekunberri aldera egingo du. Ondoren, 5 mendikate igo beharko dituzte. Uitzi (3), Usategieta (2), Aritxulegi (2), Agiña (2) eta La Piedad (3) Lesakan despeditzeko.