Emakumeek historia ofizialean barrena pairatu duten ikustezintasun eta bazterkeria aipatzen dira martxoaren 8a egun seinalearen karietara. Hypatia, Mary Shelley (Frankensteinen egilea) edo Ada Byronen kasuak ezagutu ditugu azken hamarkadetan. Geroztik ahazturaren kutxa erraldoi hartatik beste hainbat izen eta izan ateratzen ari dira plazara.
Euskal bazterretan ere halatsu, artxibo eta idazkien txoko ezkutuetan zeuden emakume sortzaile zenbaiten berri izan dugu. Esate baterako Hondarribian Joxepa izeneko (deitura eta bestelako daturik ez dakigu) bertsolari bikain bat izan zen XIX. mendean.
Garai hartakoa dugu 1889an Donostian sortu zen Katalina Eleizegi antzerki egilea. Euskal antzerki idatziaren hastapenak aipatzean Soroa, Altzaga edota Labaien gizonezkoen izenak azaltzen badira ere, Tene Mujika edo Katalina Eleizegi bertan zirela gogoratu beharko genuke. Katalina Eleizegi 1915ean antzerki lanak idazteari lotu zitzaion eta Garbiñe, Loreti, Jatsu eta Erauso´ko Katalin lanak ondu zituen. Lehendabiziko hirurak argitaratuak eta arrakastaz izan ziren antzeztuak, sariak ere eskuratu zituela.Toribio Altzagak berak haren obraren kalitatea goraipatu zuen: “goi goitik dabillen antzerki lana osotu digu”. Ikusleen eta kritikaren oniritzia jaso zuen idazle donostiar honek XX. mendearen hirugarren hamarkadan.
Gorputz osasun ahulekoa izaki, azken 26 urteak Lizarran egin zituen eta 1963an zendu zen Ega ondoko hirian. Donostian karrika bat haren omenez izendatu zuten. Ez litzateke lantegi txarra (ezta makala ere) haren antzerki lanen bat oholtzara eramatea berriz.