Euskal Herriko Itzulia gaur pasako da Sakanatik

Guaixe 2016ko api. 6a, 11:43

13:00ak inguruan sartuko da Ziordira, Arabatik, eta Irurtzundik Lekunberri aldera egingo du, 13:55ak inguruan

Munduko txirrindularirik onenak Sakanatik pasako dira gaur, asteazkenean. Euskal Herriko Itzuliko 3. etapa dago jokoan, Gasteizen hasi eta Lesakan despedituko dena (194,5 km).
Etapa 12:05ean abiatuko da, Gasteizen, eta lautada zeharkatu ondoren Andoindik sartuko da Ziordira, 13:00ak inguruan. Ondoren Sakana zeharkatuko du –Altsasu (13:06), Etxarri Aranatz (13:20), Lakuntza (13:30)…– eta Irurtzundik (13:55) Plazaolako Tunelera sartu (13:56) eta Lekunberri aldera egingo du. Ondoren, 5 mendikate igo beharko dituzte. Uitzi (3), Usategieta (2), Aritxulegi (2), Agiña (2) eta La Piedad (3) Lesakan despeditzeko.

Atzo Skyko Mikel Landak irabazi zuen Amurrioko Garrastatxuko gaineko ermitan despeditutako etapa eta lider jarri zen. Lotto Jumboko Wilco Kelderman segundo batera du, Skyko Sergio Luis Henao taldekidea 3 segundora, BMC taldeko Samuel Sanchez 9 segundora eta Tinkoffeko Alberto Contador 11 segundora. Tropeleko oilar guztien arteko lehia espero da gaur Euskal Herriko Itzuliko etapa luzeena izango den honetan, probako bost mendikateek erasoak jotzeko aukera eskaintzen baitute.