Deiadarra

Guaixe 2016ko api. 8a, 08:00

Joseba Beltza Bengoetxea, Joxe ta Xafan aske! Ekimenaren izenean.


Datorren ostegunean, apirilak 14, hasiko da Xafan eta beste lau euskal herritarren aurkako epaiketa. Maiatzaren 17an hasiko da Joxe eta beste zortzi lagunen kontrakoa. Era berean, apirilaren 22an, Ekaitz iturmendiarra ere epaitzera doaz.  

Azken hamarkadetan milaka izan dira epaitegi ezberdinetan epaitu dituzten euskal herritarrak, Espainiako zein Frantziako estatuek errepresioaren aldeko hautua egin dutelako; Euskal Herriaren aitortza egin eta, ondorioz, autodeterminazio eskubidea onartu baino, nahiago izan dutelako beren botere legegile, judizial eta betearazle osoa erabili aldarrikapen horien alde saiatu direnen aurka.

Legeak bihurritu dituzte, epaiketak nolanahi burutu eta guztia bortizkeriaz betearazi. Beren legeek egiten uzten ez zietena ere egin dute. Denak balio izan du eta balio du. Baita beste maila batzuetako erabakiei ezikusiarena egiteak ere.

Nazio Batuen Erakundeak onartutako “Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Hitzarmenean” jasotzen diren adierazpen askatasuna, elkartze askatasuna, biltzeko askatasuna, adierazpen politikoetan parte hartzeko askatasuna… izanen dira datozen asteetan burutzera doazen epaiketetako akusazioak; bildu izana edo adierazpen politikoetan parte hartu izana baitira Xafan, Joxe eta Ekaitzi, nahiz gainerako lagunei, leporatzen zaizkien “delituak”.

Eta akusazio horietarako frogak, Xafan eta Joxeren kasuetan gainera, tortura bidez lorturikoak izanen dira. Eskubide zibil eta politikoen nazioarteko hitzarmenak arbuiatzen duen torturaz lorturikoak.
Horregatik dabil azken aste hauetan (eta ibiliko da hurrengoetan) deiadarra Sakanan zehar, epaiketak ez burutzeko, egiten ari badira bertan behera uzteko, eta egin badira epaiak absoluzioa izateko, eskatzen.
Parte har dezagun ekimenean: atera dezagun argazkia adarrarekin, zapiarekin; joan gaitezen apirilaren 23an Etxarrin ospatuko den Elkartasun Egunera eta epaiketa politikoen kontrako manifestazioan partaide izan; ez diezaiegun utzi gure herrikideak epai ditzaten.
Besarkada bana Joxe, Xafan eta Ekaitzi, baita auzipetuta dauden Ruben, Adur, Edurne, Fran eta Asier sakandarrei ere!