Mank-ek 3,67 milioi euroko aurrekontua onartu du

Guaixe 2016ko api. 8a, 08:19
Sakanako Mankomunitatearen aurreko batzar bat.

Sakanako Mankomunitateak 3.673.181,7 euroko aurrekontua onartu zuen martxoaren 23an. Mank-eko presidente Aitor Karasatorre Muguruzak azaldu digunez, aurrekontuak onartzerakoan kontutan izan dituzten irizpideak izan dira: “murrizketak saihestea, zerbitzuak mantentzea eta inbertsio berri gutxi batzuk gehitzea”.

Inbertsio nagusienak ur eta hondakinen zerbitzuetan eginen ditu Mank-ek. Hala, Ur Zerbitzuaren bidez, biltegietarainoko ur sareetan lanak eta ur biltegietan lanak eginen ditu Mank-ek (50.000 euro). Zerbitzu horrendako auto berria erosiko du ere (10.000 euro). Hondakinen Zerbitzuaren inbertsioetan jasoak daude Altsasuko edukiontzi zaharrak ordezkatzeko berriak erostea (12.000 euro) eta Olatzagutian suak txikitu zuen emergentzia gunea berritzea (7.000 euro). Bestalde, lising edo renting bidez kamioia eskuratuko du (18.000 euro).

Gehiago
Horiek dira Mank-en aurrekontuan jaso diren inbertsioak, baina gehiago ere izan daitezke. Arbizuko hondakindegian egungo hondakindegia itxi, lixibiatuak jasotzeko gunea iragazgaitz bihurtzea eta likido horiek Arbizu-Lakuntzako araztegiraino eramatea litzateke asmoa. Baita industria hondakin bizigabe ez arriskutsuak jasoko lituzkeen beste gune bat prestatzea. Azken horrek Sakanako enpresei zortzi urteko zerbitzua emanen lioke. Hondakindegia ixteko proiektua 2010ean aurkeztu zen, baina finantza krisiaren eraginez Nafarroako Gobernuak finantziazioa moztu zuen. Karasatorrek udarako gobernuaren erantzuna espero du. Lanek milioi batetik gorako inbertsioa eskatzen dute.

Nafarroako Hondakinen Partzuergoak, bestalde, Arbizuko hondakindegian konpost planta bat egiteko 175.000 euroko inbertsioa aurreikusi du. Bestalde, Partzuergo beretik diru diru gehiago jaso dezake Mank-ek. Sakanan bertan konpostaren bidez hondakinak kudeatzen direnez, ibarrak errefusa gutxiago sortzen du eta, horregatik, diru konpentsazioa jasoko luke. Hala bada, diru hori Hondakinen Zerbitzuko inbertsiotara erabiliko litzateke.

Enplegu tailerra
Mank-ek enplegu tailerra egiteko Nafarroako Gobernuari diru-laguntza eskaera egin dio eta erantzunaren zain dago. Ibarreko erakundeak hiri eta industria hondakinen kudeaketa integrala enplegu tailerra egin zuen joan den urtean. Mank-en, aurten ere, beste 15 sakandar arlo horretan trebatzea nahi lukete. Aurretik, 2011n eta 2012an, baso lanetarako enplegu tailerrak egin ziren.


Irurtzun eta Altsasu
Bi herrietako hondakin bilketa tasak hobetzeko Mank udalekin harremanetan dago. Aste honetan bertan Altsasuko Udaleko batzorde batekin bildu da eta zein neurri hartu adostuko dituzte. 2013an hainbat altsasuarrek auzo-konposta egiteko nahia adierazi zioten Mank-i eta joan den urtean erakundeak bi auzo-konpostagailu jarri zituen, oraindik erabili ez direnak. Bestetik, partzuergotik konpentsazio moduan jasotzen den diruarekin Mank-ek Irurtzunen beste neurri batzuk ere hartuko lituzke, beti ere, Irurtzungo Udalarekin adostuta.

Zerbitzuen aurrekontua
Ur Zerbitzua 809.835
Zahar-berritze Zerbitzua 90.300
Kirol Zerbitzua 132.056
Euskara Zerbitzua 364.000
Zabor Zerbitzua 1.562.420,70
Zerbitzu Orokorrak 437.175
Migrazio eta Aniztasun Zerbitzua 45.000
Garapen Agentzia 90.000
Enplegu tailerra eta beste 142.395