Lanbide Heziketako tailerretik Portugalgo enpresara

Guaixe 2016ko api. 8a, 08:49
Martxoko azken bi astetan Setubalen ikasten egon diren ikasleak. Apirila hasieran beste bi daude han.

Martxoko azken bi asteetan Lanbide Heziketako lau ikasle Protugalen trebatzen egon dira Erasmus programaren bidez. Beste bi ikasle daude orain han. Aurrenekoek euren esperientzia kontatu digute.

Lisboa ondoko Setubal hiriko Alstom enpresan ikasten bi aste eman dituzte Ruben Barrosok, Jon Galartzak, Alex Salgadok eta Jon Fernandezek. Guztiak Sakana Lanbide Heziketako institutuko soldadura ikasleak dira. Erasmus programaren bidez izan dute aukera hori. Guztiek zuten goi graduko eta gradu-ertaineko ikasleendako hiru hilabeteko programaren berri, joandako lagunengatik eta institutuan bertan lastailean haren berri eman zietelako. Otsailean bi asteko programaren berri eman zieten eta dozena erdi bat ikaslek aukera aprobetxatzea erabaki zuen. Ikaskideei hemen geldituta galdu dutena kontatu diete dagoeneko.

7:00etan esnatzen ziren eta enpresako autobusean lantokira joaten ziren eta han zortzi ordu ematen zituzten. Enpresan ez ziren lanean egon: “enpresako soldatzaileak trebatzen zituen langilea gurekin egon da. Hemen altzairua karbonoarekin soldatzen ikasten dugu. Han soldatu aurretik metalak nola prestatu erakutsi digute. Eta gero kromoarekin eta molibdenorekin aleatutako altzairu bereziak soldatzen ikasi dugu. Pixkanaka piezak atera ziren”. Laurek aho batez esan dute: “ikasitako guztia berria zen guretako”.

Oso pozik eta eskertuta bueltatu dira: “errepikatzeko modukoa da”. Fernandez: “haiek gu hilabete gelditzea nahi zuten, baina ez zegoen aukerarik eta bueltau beharra izan genuen.  Esan digutenez, “enpresak gure kabuz bueltatzeko aukera eman zigun. Hemengo praktikak bukatu ondoren, dagoen lanaren arabera…”

Lauren irakaslea da Ramon Hijarzo eta berak azaldu digunez,  Portugalgoa “soldaduran puntako enpresa da. Gauza oso bereziak egiten dituzte. Edozein industria motarendako galdarak ekoizten dituzte: nuklear zentralak, pretrokimikoak, birfindegiak, itsasontziak… Lurrina sortu eta argindarra ekoizteko galdarak dira”. Irakasleak zehaztu duenez, “gehiena hoditerian egindako lana da, hemen ez dugu halakoan aritzen den industriarik apenas. Kalitate eta exijentzia maila oso handia du enpresak. Altsasun ikasten dutenaz aparte, soldaduraren esparrua askoz zabalagoa dela ikusi dute ikasleek”.

Nazioarteko harremanak
Hiru hileko egonaldietan ikasleak bakarrik joaten dira. Baina bi asteko egonaldietarako tutore bat joatea eskatu dute. Hijarzo hiru egunerako joan zen haiekin. “Enpresako aurkezpenean haiekin egon nintzen. Enpresak esperientzia handiko langile bat jarri zuen ikasleen tutore gisa. Ez dute ekoiztu, ikasten egon dira”. Sakana institutuaren asmoetako bat atzerriko ikastetxeekin harremana izatea da. Horregatik, Hijarzo han zela baliatuz Portugalgo Lanbide Heziketa institutu batekin harremana egin zuen.

Sakanako Lanbide Heziketa institutuan Erasmus programaren ardura Arantza Bengoetxea Intxaustik du. Hark eman zien ikasleei programaren berri. Bengoetxeak ikastetxearendako esperientzia positiboa izan dela esan digu: “enpresarekin harremana mantentzen saiatuko gara, ea heldu den urtean esperientzia errepikatzerik dagoen. Trebakuntzak merezi duenaren bermea dugu. Ikasleak ikastetxea toki onean utzi dutela badakigu. Ongi trebatuta joan direla esan diete. Pozgarria da hori jakitea”.

Erreparoak
Laurek aitortu dutenez, “taldean joateak asko laguntzen du izena ematerakoan”. Barrosok esan digunez, “enpresa honetan egon garen moduan egonda, hiru hilabete ematera animatuko nintzateke. Hiru hilabetekoa oso luze dirudi, dena atzean utzi beharra…” Galartzak:“bi astekoaren berri izatean, animatu nintzen. Bestela, etxetik ateratzen zaren aurreneko aldia eta hiru hilerako…” Barroso: “hiru hilabete, atzera eginarazten dute. Baina bi aste, bai”. Alex Salgadok Donapean elektromekanika ikasketak egin zituenean Frantzia hegoaldeko ikastetxe batean egona zen, Salgadok zioenez, “Setubalgo enpresa ezagututa, orain bueltatzearena pentsatuko nuke”. Fernandez: Frantzian mahatsa biltzen aritu da, “baina ez naiz kanpora asko atera”. Erasmusen bi aukeretan eman zuen izena, baina bat aukeratu behar zuen eta taldean zihoazenez, egonaldi laburraren alde egin zuten.

Bengoetxeak azaldu digunez, ikasturtero ikasleren bat joaten da. Gradu ertaineko ikasleren bat animatu izan da kanpora joaten, baina Bengoetxeak aitortu digunez, “ikasleei, gradu ertainekoei batez ere, asko kostatzen zaie hiru hilabetez kanpora ateratzea. Egonaldi luzeak sustatzeko sortu dute bi asteko aukera. Izan dugun esperientziagatik ikasleak han zeudela hiru hilabete gelditzeko aukera eskainiz gero, bat baino gehiago geldituko litzateke. Baina, hasieran, lastailean izena emateko garaian, batek berak ere ez zuen izena eman nahi izan”. Bengoetxeak jakinarazi digunez, Sakana institutua Erasmus mota hori praktikan jartzen aitzindaria izan da.

Ramon Hijarzo irakasleak esan digunez, ikasleek atzerrian zein praktika eginen dituzten eta enpresak zein harrera eginen dien eta zein praktika eginen dituzten ez dakite ikastetxean. “Kasu honetan guztiz onuragarria izan da: enpresak harrera ona egin digu, ikasleek jasotako trebakuntza haiendako oso interesgarria izan da; lan mundua oso teknikoa gertutik ikusi dute. Urtero hala ez da izanen! Ez baikara enpresa berara joanen”.