Bada euskaraz zer irakurri, zerekin gozatu eta zer oparitu

Guaixe 2016ko api. 11a, 10:14

IGO, euskarazko irakurzaletasuna bulkatzeko kanpaina, bi hilabetez indarrean izanen da.

Irakurri, Gozatu eta Oparitu (IGO) egitasmoak 10. edizioa du aurtengoa. Euskaltzaleen Topaguneak antolatu eta Sakanako Mankomunitatearen babesa jasotzen duen egitasmoan Irurtzungo, Lakuntzako, Arbizuko, Etxarri Aranazko,  Urdiaingo, Altsasuko, Olatzagutiako eta Ziordiko liburutegiek parte hartzen dute. Ostiralean jarri zen martxan egitasmoa eta  maiatzaren 31ra bitartean iraunen du. Ekimenak herritarrak euskarazko liburuak irakurtzera animatu nahi ditu, irakurtzearen alde atsegina azpimarratuz eta liburutegi publikoen erabilera sustatuz.

Aurreko bederatzi edizioetan frogatu denez, kanpainak eragin positiboa izaten du herritarrek herriko liburutegian egiten duten euskarazko liburu maileguan. Era berean, ekimenak liburuen salmentan izaten duen eragina kontuan hartzekoa da. Egitasmoak honako argitaletxeen laguntza izaten du: Erein, Elkar, Ibaizabal, Pamiela, Txalaparta eta Susa. Ekimena Hego Euskal Herriko 50 herrietan garatzen da.

3 pauso
1. Irakurri. Liburutegira joan, eta euskarazko edozein liburu maileguan eskatu.


2. Gozatu. Liburua irakurri, liburutegira bueltatu, eta fitxa bat bete beharko duzu. Fitxa hori beteta, liburutegiko arduradunak erosketa-txekea emango dizu, Sakanako liburu-denda hauetan erabiltzeko: Martxueta, Kaxeta,  Arkatz edo Liburunda. Euskarazko beste edozein libururen erosketan %35eko beherapena izango duzu. Erosketa-txekeak liburu dendan erabiltzeko epea ekainaren 11 artekoa izanen da.


3. Opari egin. Liburua oparitu: lagun bati, senide bati, edo norbere buruari.



Berrikuntza
Egitasmoak izan duen berrikuntzarik garrantzitsuena Patxi Zubizarreta idazleak gomendatutako 50 libururen zerrenda da. 5 adin tartetan euskarazko literaturarekin gozatzeko proposamenak luzatu ditu Zubizarretak.

Zozketa
IGO egitasmoan hilero parte hartzen dutenen artean 30 euroko erosketa-txekea zozketatuko da liburutegian.