“Bizi al gaitezke gizarte gaixo honetan (ezmoral, ustela eta gainontzekoak…) gure buruarekiko zintzotasuna osotara galdu gabe?” galderarekin hasten du Jiddu Krishnamurtik “Cómo curar el monstruo” bideoa.
“Noski!” darrai, “orduan galdetu beharko diozu zure buruari, zer da gizartea? Gizartea nigandik bereizirik al dago? Ala ni naiz gizartea? Ni naiz gizartea, nik ere sortu dut izaki itsusi hori, eta horren parte naiz. Gizartea ez dago nigandik urrun, aparte. Beraz, gakoa ez dago kanpoko ingurua aldatzean (gizarte egiturak eta joko politikoak). Lehenik eta behin nire etxea antolatuko dut, txukun jarri, sakonki. Nire etxea. Orduan kanpoan ere ordena egongo da. Zuk, nik eta entzule guztiek gure etxea antolatzen badugu, gizarte berri bat sortuko dugu!”
Erraz esaten da, etxea mikro-gizarte gisa hartzea. Hau azken muturreko koherentziara eramatea, aldiz, lan fina dela deritzot, ez baitigute inon irakatsi kristalak bezain garden eta garbi pertsonen arteko harremanei distira ateratzen.