Argazkiak egiten ikasteko

Guaixe 2016ko api. 12a, 19:09

Argazkilaria Altsasuko ferietan.

Bidelagun turismo elkarteak argazkilaritza ikastaroa antolatu du. Ikastaroak 6 klase teoriko-praktiko izanen ditu: apirilaren 26an eta maiatzaren 3an, 10ean eta 17an 17:00etatik 19:30era eta maiatzaren 24an eta 31n 17:00etatik 20:00etara. Horretaz aparte, ikaskideekin zehaztuko diren hiru egunetan hiruna orduko irteerak eginen dira, ikasitakoa praktikatzeko. Guztia borobiltzeko, azken saio batean, taldeko kide guztien lanak ikusi eta argazkiak aukeratuko dira. Ikastaroan izena eman nahi duenak apirilaren 22ra arteko epea du, furbitarte@sakanagaratzen.com e-postara idatziz. Bidelagun elkarteko kideek 20 euro ordaindu behar dituzte eta gainontzekoek 60. Ikastaroan parte-hartzeko ezin bestekoa da funtzio manualak dituen kamara digitala izatea.

Bidelagun turismo elkarteak antolatutako ikastaroaren helburuetako bat, argazkilaritza ezagutzak zabaltzearekin batera, Sakanako argazkien fitxategi bat sortzea da, ibarreko paisaia, monumentu, baso, mendi, ohitura, festa eta abar bilduko dituena. Horregatik, izena ematerakoan ikastaroan egindako argazkiak elkarteari ematea onartuko da.