Sakanako Hezkuntza Mahaia sortu da

Guaixe 2016ko api. 15a, 08:32

Ibarreko gaiak ikastetxeetara eramateko materialak sortzea eta hezkuntzan sortzen diren asmoak eta ildoak jorratzea da bere egitekoa.

Uharte Arakilen egindako bileran eratu zen Sakanako Hezkuntza Mahaia (SHM) joan den ostegunean. Lantalde horren sorreran parte hartu dute, besteak beste, Sakanako Garapen Agentziak, Ezpilleta elkarteak, Enneko Aritza fundazioak, Belardi baserritarren elkarteak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Magisteritzako bi irakaslek eta hainbat ikastetxeetako irakasleak. Mahaia eratzearekin batera elkarrekin harremanetan nola jarri eta elkarri nola lagundu zehaztu zuten aurreneko bilera horretan.

Sakanako Plan Estrategikoa eta ibarreko hezkuntza arloko interesak eta beharrak aztertuta, ikastetxeetan Sakanari balioa emateko beharra sumatzen zen. Horregatik, zenbait jarduera martxan jarri ziren, esaterako, udazkenean irakasleei zuzenduta Irakasleen Laguntza Zentroak, Ezpilletak eta Garapen Agentziak antolatutako ikastaroa. Halakoetan, sakontzeko beharra sumatzen zutelako sortu da Sakanako Hezkuntza Mahaia.

Bere egitekoak ibarreko gaiak ikastetxeetara gerturatzen laguntzeko beharrezko materialak sortzea eta hezkuntza mailan sortzen diren hainbat asmo eta ildo jorratzen jarraitzea da. Hasteko, lantaldeko kideak hainbat gairi buruz dagoen materiala biltzen hasiko dira: mitologia, etnologia, natura-ondarea eta arte-ondarea. Egiteko horretan Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gradu Akaberako lau ikasleren laguntza izanen da. Haiei gaiak proposatzen, informazioa bilatzen, eskoletan kontrastatzen lagunduko diete, ahal den heinean, sakandarrek. Sortutako materialak argitaratu eta jendearen eskura uzteko asmoa dute.


Interesa dutenendako
Lan-taldean interesa duen edozeinek parte hartu dezake, harremanetarako sakanakoherrieskolak@gmail.com helbidera mezua bidali edo ikastetxeetan galdetu dezake.