1936an hildako hautetsien Parlamentuko plaka tokiaz aldatuko dute

Guaixe 2016ko api. 16a, 09:25

Ekitaldia igandean izanen da, 12:00etan, Parlamentuko atarian.

Nafarroako Legebiltzarrak Nafarroako errepresioaren 80. urteurrenerako antolatu dituen jardueren barruan dago ekitaldia. Nafarroako Parlamentuak 2013an onartu zuen bere egoitzako atalondoko leku nabarmen batean plaka bat jartzea. Altxamendu militarraren ondorioz eraildako hautetsi nafar guztien omenez eta haien errekonozimendurako da plaka.

Parlamentuko 0 solairura doazen eskaileretan jarri zuten aipatu plaka joan den urteko ilbeltzaren 12an, berari begira lasai gelditzeko modurik ez dagoen igaroleku batean. Parlamentuan hura aldatzeko eskaerak jaso ondoren, hala eginen dute igandean. Atariko leku nabarmen batera eramanen dute, erakunde-aretoaren ondoan. Espainiako Errepublikaren kontrako 1936ko estatu kolpean hildako 34 alkate eta 115 zinegotziren izen-abizenak jasotzen zituen plakak, baina fusilatutako beste hautetsi batzuen berri jakin da plaka jarri zenetik eta haien izenak gehituko dira.

Zazpi sakandarrak
Hildako kargu publikoen artean zortzi hautetsi sakandar daude. Hiru alkate: Silverio Astiz Lakuntza (Uharte Arakil), Antonio Goikoetxea Otegi (Altsasu) eta Epifanio Gonzalez Villar (Ziordia, frontean hila). Lau zinegotzi ere badaude: Pedro Ihabar Arbizu (Arbizu), Felix Lopez Sanchez (Etxarri Aranazko udal gestorako kide), Isidro Zornoza de Jorge (Altsasu) eta Ramon Goikoetxea Etxeberria (Ziordia, frontean hila).