Sakana Maitia, jendaurrera

Guaixe 2016ko api. 15a, 11:32

Gaur, 22:00etan, Etxarri Aranazko kultur etxean eta apirilaren 17an, igandean, 20:00etan Irurtzungo kultur etxean. Sarrerak han edo udaletxeetan eskuratu daitezke.

Iñigo Muñoak eta Manex Albirak sortutako kantua da Sakana maitia. Hartan ibarreko hainbat elezahar, mito eta Sakanako historiako pasarteak aipatzen dira: Gartzia Ximenez, Goñiko Teodosio, Amaia, Amalurra, 36ko estatu kolpea… Kantuari irudiak jarri eta bideoklipa egitea bururatu zitzaien eta Oier Albizturrekin eta Asier Beltzarekin hasi ziren lanean. Grabazioak egiten urte bat eman dute Sakana guztian barna.

Baina bideoklipa izan behar zuenak ordu bat pasako ikus-entzunezko proiektu bihurtu da. Sakana maitiak bideoklipa, dokumentala eta Hi Debei taldearen zuzeneko musika uztartzen ditu. Azken hori emanaldirako propio sortutako taldea da eta saioan lau kantu joko ditu, Sakana maitia barne. Dokumentala kultura eta historia ikuspuntutik osatuta dago eta kantuan aipatzen direnei testuingurua eman nahi die.