Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketan 14 eta 18 urte arteko bertsolariak neurtzen dira. 30. edizioan hamar bertsolari ariko dira eta haietatik bost Altsasuko bertso-eskolakoak dira: Ekain Alegre, Idoia Granizo, Aitziber Grados eta Aritz Goikoetxea altsasuarrak eta Amets Artieda etxarriarra. Haiekin batera Joanes Illarregi eta Xabat Illarregi leitzarrak eta Bortzirietako zein Iruñeko Bertso Eskoletako hiru kide izanen dira.
Maider Ansa gai-jartzaileak gidatuko du saioa. Bertsolari gazteek aurreneko fasean honako lana egin beharko dute: gai orokorrarekin bertso bat osatu, lau oinak emanda bertso bat osatu eta hitza emanda bertso bat osatu. Bigarren fasera lau bertsolari pasako dira eta egiteko hau izanen dute: binaka, gaia emanda, bina bertso zortziko txikian, banaka, lehen puntua emanda bertso bat zortziko txikian eta binaka, gaia emanda, hiruna bertso koplatan. Sailkapenena aurreneko biak gelditzen direnak Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finalerako sailkatzea lortuko dute. Euskal Herriko finala eta festa Ereñozun izanen da, garagarrilaren 4an. Saioa despeditzean, euskaltegian bertan, merendua eskainiko da. Eskolartekoaren antolatzaileak Nafarroako Bertsozale Elkartea eta Ikastolen Elkartea dira.
Gehiago
Gaurko saioak lehia formatua badu ere, gazteak bertsora hurbiltzeko eta harekin gozatzeko ekimen gehiago antolatze dira: bertso-merenduak, Bertso Eskolen Eguna, topaketak, Negulekuak, Udalekuak, sariketak, bertsopaper lehiaketa… Ikasleek bertso-eskoletan landutakoa jendaurrean erakutsi ahal izateko, beraien artean harremanak sendotzeko, hurbilekoak bertsozaletzeko, ahozkotasuna eta euskara klasetik kanpo lantzeko… parada ematen duten egitasmoak dira finean Eskolartekoa osatzen dutenak.
Nafarroan gaur egun 18 urtetik beherakoen 30 bertso-eskola eta 228 ikasle daude. 12 irakaslek gidatuta, eskola orduz kanpo ondorengo herrietan lantzen da bertsolaritza: Lesaka, Bera, Etxalar, Igantzi, Doneztebe, Ituren, Saldias, Legasa, Sunbilla, Erratzu, Leitza, Lekunberri, Iruñea, Zizur Txikia, Burlata, Barañain, Lizarra eta Altsasun.