Makina bat ekimen ditugu gurean irakurketa ohiturak sustatzeko eta bultzatzeko; irakurketa azkarreko teknikak ikasteko tailerra, herri liburutegietan tarteka-tarteka egiten diren literatur solasaldiak, herri-liburutegiak plazaratzeko deialdia, ipuin kontalari saioak, ipuinak sortzeko eta ilustratzeko tailerrak kasu.
Eta ekimen horiek guztiak borobiltzeko “Irakurri, gozatu eta oparitu” kanpaina egokia da. Txartelean azaltzen den irudiak, globoa, liburuekin bidaiatzea, esploratzea eta aurkitzera gogorarazten digu. Izan zitekeen bidaiatzeko edozein gailu itsasontzi, hegazkin, tren edo bus, baina, globoa aukeratu dute euskal irakurzaletasuna sustatzeko. Globoa antzinako tramankulu zaharkitutzat jo dezakegu, baina, non hobeto hegaldi-bidaia lasaia, pausatua eta mantsoa egin nahi bada, paisaia erreparatuz eta bien bitartean hausnartuz. Ametsen, askatasunaren eta independentziaren sinboloa da globoa askorendako. Letren Errepublika ere gisa berekoa da, mugarik gabea eta gobernurik gabea.
Agian, askorendako gehiegi esatea izanen da, baina, zenbaiti liburuek beren inguruko estutasuna hausten lagundu izan die. Ateak irekitzen dituelako ezagutzari, imajinazioari, beste mundu batzuen ezagutzeari eta besteen oinetakoak nolakoak diren jakiteari. Eta horren berri askotxo dakite emakumeek, irakurle sutsuenetakoak. Esana da “Irakurtzen duten emakumeak arriskutsuak dira” (Stefan Bollman, 2007). Egia ote? Zer pentsa eman beharko luke honelako baieztapenak. Eta horren haritik, noizbait ere entzun izan dugu batere irakurtzen ez dutenak ere beldurgarri suerta daitezkeela, emakumeak nahiz gizonezkoak izan.
Dena den, guztiok izan gaitezke irakurzaletasun-birusaren biktimak. Esaterako, Olaztiko Liburutegiko irakurketa-tertuliarako proposatutako “Una lectora nada común” (Alan Bennet, 2007) nobelaren protagonistaren modura; non jauregiko lorategira hurbiltzen den liburu-banatzaile ibiltariari esker Erreginak irakurketaren plazera eta gozamena ezagutzen duen.
Mekatxis!, orain arte ez naiz jabetu. Asteburu honetan Liburuaren Eguna ospatzen da, liburua(k) eta lorea(k) oparituz gozatzeko aitzakia ederra.