Fibromialgia eta Neke Kronikoko Sindromearen Nazioarteko Eguna izango da hurrengo Maiatzaren 12a, eta arrazoi honekin jaso dugu Nafarroako FRIDA elkarteak egin duen adierazpena.
Hartatik egiten dituen eskaera batzuk atera nahi ditugu, emakumeen osasunarekin zuzenki lotuta daudenak alegia. FRIDAk eskatzen du ‘gaitz hauen benetako egoera ezagutzea; desberdintasunak, eta generoz diskriminaturik ez dauden beste gaitzekin konparatuz ditugun zailtasunak etetea’. Honetaz aparte ‘bere bizitzan emakumeen osasun integrala sustatzea’ ere eskatzen dute.
Gaixotasun hauek jasaten dutenak biztanleriaren %3 omen dira, baina ehuneko honetatik %90 emakumeak dira, beraz ‘gaitz hauen baremoa ezartzea gaixoei duintasuna emateko; eta gaitz hauen zailtasunen eta generoaren perfilaren ikuspegitik estudio bat egitea’ eskatu ere eskatzen dute arrazoi askorekin.
Osasuna genero ikuspuntutik ikertzea jarri dute mahai gainean, bai fibromialgian bai gaixotasun guztietan, baita prebentzioan eta tratamenduetan ere. Emakumeen osasuna ez da soilik sexu eta ugalketarena; emakumeen osasunari buruz hitz egiteko arlo guztietako haien sintomak ikertzea, arrisku faktoreak ezagutzea eta emakumeen ezaugarriendako tratamendu egokiak definitzea behar dira. Are gehiago bat egiten badugu Osasun Mundu Erakundeak onartzen duen osasunaren definizioarekin: ‘erabateko ongizate fisikoa, mentala eta soziala, gaixo ez egoteaz harantzagokoa”: Argi dago alderdi guztia hauetan emakumeen eta gizonen desberdintasunak badaudela, ezta?
Baina desberdintasunak diskriminazio ez bihurtzeko, hemendik ere eskatzen dugu emakumeen ezaugarriak kontuan hartzea, espezifikoki, ez gertatzeko FRIDAtik esaten digutena: ‘Gure elkartetik ikerketa tekniko bat egin gabe, ezgaitasun prozesu judizial gogor eta neketsuetan, gizonezkoen ezgaitasun absolutuen ehunekoek emakumeenak hirukoizten dituztela ikusten dugu. (berriz ere generoz diskriminatuak ikusten dugu gure burua)’.