Hondakinen kudeaketa eskola tailerra berriro eginen da

Guaixe 2016ko api. 22a, 08:40

Sakanako Mankomunitateak, Ecogras Recuperación y Reciclado, Kerabi Gestión Medioambiental, S.L. eta Vermican Soluciones de Compostaje, S.L enpresekin batera, hiri eta industria hondakinen kudeaketa integralerako enplegu eskola-tailerra antolatuko dute. Bigarren urtea da halako eskaintza egiten dutena. Joan den urtean bezala aurten ere eskola tailerrean 15 sakandar ariko dira, langabezian luze daramaten hamar eta 30 urte baino gutxiago duten bost gazte. Ikastaroak urte eta erdiko iraupena izanen du. Zuzendaria eta prestatzailea arduratuko dira haien trebakuntzaz.

Enplegu eskola-tailerraren helburua da langabezian dauden pertsonen lan merkaturako sarbidea erraztea. Horretarako, ikasketak eta trebakuntza lanarekin tartekatzen dute. Tailerra aurrera ateratzeko ezinbestekoa izan da Nafarroako Enplegu Zerbitzuak Mank-i emandako 29.289,95 euroko diru-laguntza. Erdia Europako Gizarte Funtsetik heldu da. Europako Batasunak esandakoari segika, Mank-en sinesten dute birziklatzearen hazkundeak lanpostuen sorrera ekarriko duela.