Hondakin planean inolako errausketa eredurik ez izatea eskatu dute

Guaixe 2016ko api. 22a, 09:12

Hainbat sakandarrek parte hartu zuten herenegungo bileran. Argazkia: Ganasa.

Planaren parte hartze prozesuko Irurtzungo bileran erakundeek eta herritarrek “aho batez” eskaera hori egin zuten.

Nafarroako Hondakinak Kudeatzeko 2016-2025 Plan Integratu berria ezagutu eta eztabaidatzeko hirugarren tokiko bilera egin zen Irurtzunen herenegun. Zehazki bi izan ziren; lehenik Araxesko, Mendialdeako eta Sakanako mankomunitateetako zuzendaritza taldeak eta teknikoak planaren kudeatzaileekin elkartu eta, ondoren hiru eskualdeetako udal ordezkariek eta herritarrek ere parte hartzeko aukera izan zuten. Bietan ere planean jasotzen diren helburuak, azpiegiturak, kudeaketa eredua, gobernantza eredua, frakzio organikoaren tratamendua, industriako hondakinak eta beste izan zituzten hizpide.

Bi bileretan elkartu ziren guztiak, aho batez, hondakinen edozein errausketa motaren kontra azaldu ziren. Nafarroan hondakinekin errauskailuetarako erregaiak egitearen aurka ere azaldu ziren. Sakanako Mankomunitateko presidente Aitor Karasatorre Muguruzak esan zuenez, “ez dugu ez hemen ez beste inon erraustea nahi”. Horregatik, hondakinetatik materialak ahalik eta gehien berreskuratzearen aldeko apustua egin zuten. Karasatorrek esan zuenez, “planaren zirriborroak eta Europako araudiak 2025erako hondakinen %75eko berreskuratzeko helburua ezartzen dute. Baina hondakindegietako errefusak ahalik eta gehien berreskuratuz eta aukera horretan ikertuz %85era arte iritsi liteke”.

Gobernantza
Nafarroa osorako hondakinen kudeaketa publikoa aldarrikatu zuten eta berau erakunde publiko bakar batek kudeatu dezala. Izan ere, gaur egun bi daude: Sakanako Mankomunitatea eta beste 14 biltzen dituen  Nafarroako Hondakinen Partzuergoa eta Iruñerriko Mankomunitatea. Gobernantza erakunde bakarraren alde bai, baina mankomunitate bakoitzak hondakinak kudeatzeko eredua aukeratzeko gaitasunarekin, enplegu edo prestakuntza arlotan, esaterako, herrien eta eskualdeen ekimenak ez mugatzeko.

Nafarroa guztian zerbitzu homogeneoa ematea eta kostu eta prezio bateratuak izatea nahi lukete. Bi bileretan hondakin gehien sortzen duenak gehiago ordaintzearen, alde agertu ziren. Eta horri lotuta, hondakinak ongi sailkatzen dituztenendako hobariak eta gaizki egiten dutenendako zigorrak jartzea egoki jo zuten. Toki erakundeen arteko elkartasun irizpideen beharra ere premiazkoa jo zuten. Nafarroa guztian denek erabiltzeko moduko azpiegitura sare bat behar dela ere ondorioztatu zen.

Ekarpenak
Bileran, besteak beste, honako ekarpenak egin ziren: mankomunitate guztiendako baliagarria izanen den datuak biltzeko eta jarraipena egiteko sistema estandar bat, horrela konparazioak eta jarraipena egoki egiteko; helburuak edo araudiak ez betetzeagatik Europatik etor daitezkeen zigor posibleak hondakinak zuzen kudeatzen dituztenei eragitea eta helburuak betetzen diren egiaztatzeko jarraipen plana eta egutegia faltan sumatu zuten.

Planean jasoa dagoenez 2020rako 2010ean baino %10 hondakin gutxiago sortzea aurreikusi da. Helburu horrek gutxienekoa izan behar duela adierazi zuten bileran, handitu daitekeela. Baina, horretarako, ezinbesteko jo zuten sentsibilizazioan eta ingurumen heziketan lan berezi eta jarraitua. Gaur egun materia organikoa aparte bereiztea borondatezkoa da eta hiru mankomunitateetako ordezkariek herritar guztiek parte hartzea eskatu zuten. Araudiaren bidez edo bestela. Horrek bilketa %70era igotzea ekarriko lukeela adierazi zuten. Ezinbestekotzat jo zituzten gaikako bilketak, garbi gune gehiago egotea, obra txikiak egiten dituztenek leku itxi eta kontrolatuetan botatzeko aukera izatea eta materia organikoaren konpostatzeari bultzada ematea.

Epeak
Bileretan izan zirenak parte hartze prozesuaren balorazio positiboa egin zuten. Hilabete barru berriro beste bilera bat izanen da. Bestalde, azaldu zutenez, planeko helburuak beteko balira nafarrak hondakinen kudeaketan estatuko aitzindariak liratekeela ziurtatu zuten. Hilabete inguru barru bilera berria izanen da, iritziak kontrastatzeko. Nafarroako Gobernuak parte hartze prozesua uda aurretik itxiko du eta urtea despeditu aurretik plana egina izatea.