Gazteria Plana osatzeko deialdia

Guaixe 2016ko api. 22a, 11:05
Larrazpi egunean karpan gazte pila elkartu ziren kontzertuez gozatzera.

Gaur, 17:00etan, Irurtzungo kultur etxean bilera izanen da.

Nafarroako Gazteriako Institutua II. Gazteria Plana gauzatzeko lehenengo pausoak ematen hasi da. Plana egiteko, Nafarroako gazte guztiei zuzendutako parte hartze prozesua hasi da. Haren helburua da gazteei lotutako hainbat gaien inguruan gazteek beraiek dituzten iritziak jasotzea. 14 eta 30 urte bitarteko gazteen iritziak jasotzeko Nafarroan barna hainbat bilera eginen dira eta horietako bat da gaur Irurtzunen eginen dena.  

Gazte arakildarrak eta irurtzundarrak bilerara gonbidatu dituzte, euren ideiak, beharrak, iritziak eta proposamenak entzun eta jaso nahi dituztelako. “Paregabeko aukera da  hezkuntza, aisia, enplegua, parte hartzea, generoa eta berdintasuna moduko gaietan gazteriaren egoera hobetzeko hartu daitezkeen neurriak eta ekintzak proposatzeko”. Hala adierazi dute Arakilgo Udaleko Kultura Sailetik eta Irurtzun aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Prebentzio Programatik. Gaurko tailerrera joan ezin dutenek  Gazteria Institutuak Nafarroako Gobernuaren web orrian jarri duen inkesta bete dezakete.