Ibarreko eskolen festa

Guaixe 2016ko api. 22a, 09:35

Tailerrak eta bestelakoak izanen dira Irurtzunen igandean.

Igandean, 10:00etatik aurrera Irurtzunen.

Eskola publikoaren erreferentzia indartzeko, hura kalera atera eta bere aberastasuna jendaurrean azaltzera doaz bihar. Sakanako D ereduko eskola publikoen festaren lekukoa Sakanaren mutur batetik bestera pasa zuten joan den urtean, Olatzagutiatik Irurtzunera. Atakondoa eskolako komunitateak igande goiz parterako egitarau berria antolatu du, euskarazko ereduko Sakanako eskola publikoetako komunitateen bilgune izateko. Sakana herri eskolekin sortzen leloa du ospakizunak, zeinari beste hau gehitu dioten: ez galdu aukera, bizi euskaraz.

Goizean zehar gurasoek barra jarriko dute eta han jan-edanak izanen dira. Gainera, festak sortutako gastuak estaltzeko postreen zozketa eginen da. Txartelak barran izanen dira. Ospakizuna plazan izanen da, baina eguraldiak lagunduko ez balu eskolako frontoian izanen litzateke.

Egitaraua
10:00etan Dianak.
10:30etik 13:30era Sakanako eskoletako tailerrak eta eskalada tailerra frontoiaren atzeko aldean.
11.00etan Jaiaren aurkezpena: ongi etorria, bertsoak eta lekukoa pasatzea.
11:15ean Ikasleen arteko herri kirolak.
    5 metroko enbor bertikala moztea eta Sakanako Harri-jasotze eskola.
    Ondoren txikienendako herri kirolen tailerra.
12:00etan Irurtzungo trikitilariak.
13:00etan Irurtzungo erraldoien konpartsa.
13:15ean Festako herri-koreografia!!
    Ondoren postreen zozketa eginen da.
18:00etan Tren geltokia antzezlana, kultur etxean. Zirika Zirkus.