Liburu Eguna Irurtzungo plazara!

Guaixe 2016ko api. 22a, 08:47

Liburuaren Eguna dela eta Atakondoa eskola publikoak egitarau berezia antolatu du. Herenegun Jon Arretxe idazlea eskolan bisitan izan zuten. Hark idatzitako liburuen gainean galderak egin eta kontu gehiago ezagutzeko aukera izan zuten ikasleek. Gaur, berriz, ikastetxeaz aparte eta Irurtzungo plazak ere hartuko ditu ekitaldiak, 9:30etik 17:00etara.

Ikasleak eta plazara hurbiltzen diren guztiek izanen dute prestatutako egitarauarekin gozatzeko aukera. Izan ere, plazan honako tailerrak izanen dira: orri-markagailuak, hizkuntza anitzeko jokoa, kaligramak eta txotxongiloa. Horrekin batera, liburu trukaketa ere izanen dela iragarri dute. Eguraldiak lagunduko ez balu Barazki gunean eginen dira jarduerak.

Jarduerak Atakondoa eskola publikoak, bertako Guraso Elkarteak, Itxipuru taldeak, Irurtzungo Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen prebentzio programak eta Sakanako Mankomunitateko Immigrazio Zerbitzuak antolatu dituzte.