Josu Etxeberria hirugarrena XXIX. Burunda Trofeoan

Guaixe 2016ko api. 25a, 11:48

Altsasuko proba Euskal Herriko Gaztetxoak Torneorako baliagarria zen

Igandean jokatu zen Burunda Txirrindularitza Klubak antolatutako XXIX. Burunda Trofeoa, juniorren mailako 63,5 km-ko proba. Aurten Euskal Herriko Gaztetxoak Torneorako baliagarria zen Altsasuko lasterketa, eta asko nabaritu zen, parte-hartzaile eta talde gehiago aritu baitziren. 100 txirrindularik lortu zuten proba despeditzea.

Goizeko11:00etan abiatu zen proba, lurra bustita zegoela, Foru plazatik. Gartzia Ximenez kaletik gora, Zegamako bidegurutzeraino jo zuen tropelak, handik buelta hartu eta Altsasutik pasa eta gero, Ziordirantz egiteko. Han buelta hartu eta Bakaikuraino iritsi ziren txirrindulariak. Bakaikun norabidez aldatu eta atzera ere Ziordiraino jo zuen tropelak, Olaztin sartu eta Altamira portua igotzeko. Altamira jaitsi eta gero Iturmendira iritsi ziren, eta han buelta hartu ondoren Altsasuko udaletxe pareko helmuga izan zuten helburu txirrindulariek.

Txirrindulari faboritoak tropelean iritsi ziren helmugara, eta, esprint estuan, Gaursa Renault taldeko Markel Rodriguez nagusitu zitzaien Toyota Armentiako Jon Sanchezi eta Aralar Txirrindulari talde sakandarreko Intersport Irabiako Josu Etxeberria iturmendiarrari. Quesos Albeniz taldeko Mateo Gonzalez laugarrena sailkatu zen. Hasierako tropelean sartu ziren 22 txirrindularien atzetik sartu ziren gainontzeko txirrindulariak.



Bi talde sakandarretako gainontzeko txirrindulariei dagokienez, Ailetz Lasa (Q.A.) 24.a sailkatu zen, Urko Gorriti (I.I.) 29.a, Imanol Galarza (I.I.) 38.a, Javier Mitxaus (I.I.) 42.a, Iosu Jaka (Q.A.) 43.a, Unai Villalobos (Q.A.) 48.a, Marcos Pison (Q.A.) 51.a eta Beñat Etxezarreta (I.I.) 74.a. Taldekako sailkapenean Vicinay Cadebas-Lancor taldea gailendu zen, Intersport Irabia bosgarrena sailkatu zen eta Quesos Albeniz seigarrena. Mendiko lasterketa Arabarrak taldeko Jokin Murgialdaiendako izan zen eta Josu Etxeberria hirugarrena sailkatu zen. Bukatzeko, tartekako helmugetako irabazlea Aitor Larrañaga izan zen (Victor Alvaro Construcciones).