Agirreren arte ibilbidea

Guaixe 2015ko urt. 28a, 12:13

Otsailaren 8ra arte 18:30etik 21:00etara eta domeketan 19:00etatik 21:00etara Altsasuko Iortia kultur gunean

Angel Antonio Agirrek astelehenean zabaldu zuen Altsasun pintura eta eskultura lanak jasotzen dituen erakusketa. Akuarela paper gainean txinako tinta erabiliz 90eko hamarkadatik gaur egunera arte egindako lanen aukeraketa bat, bestelako koadroak eta dozena bat eskulturek osatzen dute erakusketa. Agirrek esan digunez, “obra dagoeneko ez da nirea, ikusleak nahi duena interpretatzen du. Nik istorio bat pentsatu dut, baina ikusleak bere irakurketa egiten du”.

Sarrerari bizkar ematen dioten lau koadrok Agirreren ikasketa garaia laburbiltzen du: 1974ko gouache txiki bat; Diego Pinorekin Olatzagutian sortutako Ikusmin pintura taldean aritzen zeneko zera eta olio bana eta, 1987an, Juan Etxeberriarekin Iruñeko Arte eta Lanbide-Eskolan egindako obra bat. Lan horiekin Agirrek bere ikasketa prozesua laburbildu du. Gainontzekoa bere ibilbide “pertsonalaren eta librearen” adierazgarria da.

Sortzaileak azaldu digunez, “betidanik ibili naiz zeramikarekin, egurrarekin edo pinturarekin. Eta horrek Ikusmin taldera (80ko hamarkada hasiera) eraman ninduen. Olaztiar talde interesgarria elkartu ginen. Bukatu zen, baina bide polita egin zuen. Bihotzean dut. Erakartzen zaituen zerbait dago, aritzen zara eta segida ematen diozu.  Zurgindegi batean lanean nengoen eta nire kabuz dekorazio ikasketen lehen bi urteak egin nituen eta ikasle ofizial gisa gainontzekoak”.

Pintura
51 koadro zintzilikatu ditu Agirrek Iortian. Batzuetan obra bat baino gehiago ageri dira. Haietan Txinako tinta erabiliz egindako lanak ikus daitezke. “Batzuek Txinako pintzelarekin (trazu lodia) eginak daude eta besteak hegazti lumekin (trazu fina). Garai batean bezala, lumei mozketa egiten diet eta haiekin, esaterako, idazketa diruditen obra horiek egiten ditut”.

Denetarako aukera dago tinta sorta horretan: “batzuk, oso eskematikoa izan arren, atzean figura bat sumatu daiteke; beste batzuk zehatzagoak dira; jendeak ikusi nahi duena ikusten duena, eskua oso aske daudenak… Ezer ez ulertzea da joera. Baina, nahi gabe, beti figuratiboa den zerbait agertzen da”. Agirrek “landu, landu eta landu” pertsonak, animaliak edota arkitektura islatzen duten serieak osatzen ditu. “Ez dut seriea bilatzen, baina ohartzen zarenerako karpeta bat duzu”.

Urteetan egindako lan ugari ditu eta Iortian hainbat serieren laginak daude. Kolore ezberdinetakoak dira, “hemengo dendetara joan eta dagoena hartzen baitut”. Sormen prozesuari dagokionez, “buruan ditudan flashak dira, inolako modelori ez lotzeko. Araututakoaren garaia pasa zait. Ihes egiten diot”.  

Koadroen artean badira hiruzpalau Miroren obra gogora ekartzen dutenak. “tinta beltza, ondo txuri edo beixaren gainean eginak daude”. Paretan dauden obra guztien artean collage bat nabarmentzen da. “2000.ean eginda eta 2014ko damu batekin osatua. Figuratiboa da, baina bere istorioa du”.

Markoak
Paretetan dauden margoek biltzen dituzten markoei erreparatzea ere merezi du. XIX. mendekoren bat ere badago zintzilik. “Antikuarioak, bigarren eskuko dendak, traperoak… halakoak bisitatzearen zale naiz marko zaharrak opatzeko. Pintura modernoekin egiten duten kontrasteak gustatzen zait. Hori dekorazio lanbidearen ajea da”.

Eskulturak
Egileak esan digunez, “gorputzak pintura edo eskultura eskatzen du. Hauek (eskulturez), gehiago, arkitekturak dira. Geometrikoagoak dira. Kurbaren bat sartu dut, baina lerroa, zuzena… dira nagusi”. Eskulturak oso linealak dira, bertikalitate handikoak, borobil bat izan ezik.

Eskulturen sortze prozesuaz azaldu du ez duela pieza bakar bat propio sortu: “txatarra biltegira joan eta egoki jotzen ditudan piezak hartzen ditut. Biltzen noa eta halako batean ideia eta eskultura sortzen dira”. Aurretik ez du marrazkirik egiten. “Berreskuratutako piezak dira eta haietatik abiatuta sortzen da eskultura”. Ideia ez da berehala etortzen. Piezaren bat muturren aurrean luze izan du, opatu duen beste pieza batekin batera ideia sortzen den arte.

Berreskuratutako metala, zura, egurrezko kontratxapatua dira eskulturak egiteko erabili dituen lehengaiak. Iortian “aitari lapurtutako” zurarekin sortutako bi eskultura daude, erliebean egindako lerroak dituztenak. Koloretako formikadun kontratxapatuzko eskultura Iñigo Aritza ikastolako altzarien berrerabilpenetik sortua da, 2009ko maiatzaren 1eko izena du, egun hartan egin baitzuen.

Eskultura sortzeko elementuak nahieran kokatu ondoren, tratamendu garaia iristen da:
“lehen eskulturak margotu egiten nituen, baina orain, gehiago, kalean uztearen zale naiz, herdoildu daitezen. Gustuko dudan puntua hartzen dutenean jaso egiten ditut, herdoiltze prozesua geldiarazteko. Hasieran, pintura eta azido bidez eragiten nien herdoila, baina aspertu nintzen. Onena naturak bere bidea egin dezala”.