Preferente maila: Etxarriri azken unean ihes egin zion garaipenak, Arrotxapearen alde. Lagun Arteak Gares liderrari irabazi egin zion.

Guaixe 2016ko api. 25a, 13:00

Lagun Arteak Gares liderrari irabazi zion.

Preferente maila. 29. jardunaldia, azkenaurrekoa: Etxarri Aranatz 1 – Arrotxapea 2 / Lagun Artea 3 – Gares 1

Preferente mailan, azkenaurreko jardunaldia jokatu zen asteburuan eta Etxarrik eta Lagun Arteak denboraldiko etxeko azkeneko partida jokatu zuten.

San Donato futbol zelaian garaipenak azken unean egin zion ihes Etxarri Aranatzi. Etxarri eta Arrotxapearen arteko lehian, lehen zatian Etxarrik dominatu zuen, joko onarekin. Makina bat gol aukera izan zituzten etxarriarrek, baina baloia ez zen sartzen. Tamalez, 56. minutuan, Arrotxapea Etxarriko atera iritsi zen lehen aldian, gola sartu zuten bisitariek. Zorionez, handik gutxira, 67. minutuan, Xabatek berdintzea lortu zuen. Bigarren zatian bere horretan jarraitu zuen partidak, banakako berdinketarekin. Partida horrela despedituko zela zirudienean, araututako denbora betea zegoenean, Arrotxapeak bigarrena sartzea lortu zuen, 98. minutuan. Garaipen honekin bigarren postura igo zen Arrotxapea, eta igoera postuetan egoteko borrokan jarraitzen dute iruindarrek. Aipatzekoa da zaleek arbitroen lana zalantzan jarri zutela. Askoren esanetan arbitroak ez zituen bi taldeak modu berdinean epaitu, eta kaltetua Etxarri zela nabarmendu zuten.

Bestalde, Lakuntzako Zelai Berrin, Lagun Arteak Gares liderrari pasilloa egin zion partida hasi baino lehen, ligako txapelduna baita Gares. Nolanahi ere, lakuntzarrak ez ziren liderraren aurrean kikildu eta 3 eta 1 gailendu ziren etxean jokatzen zuten denboraldiko azken partidan. Partida lasaia izan zen, tentsio handirik gabekoa, bi taldeek ez baitzuten ezer jokoan. Festa giroa izan zuen partida izan zen, kiroltasun handikoa. Lehen zatia oso lehiatua izan zen eta ez zen dominatzaile argirik egon. Husnako berdinketarekin joan ziren bi taldeak atsedenaldira. Bigarren zatian iritsi zen gol festa. Lagun Artea aurreratu zen, Jonathanek eta Xabierrek penaltiz sartutako bi golei esker. Garesek distantziak laburtu zituen, Hectorrek gola sartu baitzuen, baina partida bukatzear zegoenean Jonathanek Lagun Arteako hirugarren gola sartu zuen. Liderrari 3 eta 1 irabazita, euren zaleekin liderraren kontrako garaipen polita ospatu zuten Lagun Arteakoek.

Asteburuan azken jardunaldia jokoan: Aibares – Etxarri Aranatz / Castillo de Tiebas – Lagun Artea
Sailkapen orokorrean Garesek irabazi du preferente mailako lehen multzoko liga (60 puntu). Arrotxapea bigarrena da (55 puntu), Infanzones hirugarrena (53 puntu), Etxarri Aranatz laugarrena (46 puntu) eta Lagun Artea seigarrena (44 puntu). Etxarri Aranatzek sailkapenean 9.a den Aibares taldearen kontra jokatuko du Oibarren. Etxarrik ez du ezer jokoan; postua hobetzea, aldiz, Aibaresek. Bestalde, sailkapenean 23.a eta jaitsiera postuetan dagoen Castillo de Tiebasen kontra ariko da Lagun Artea. Castillo de Tiebasek ez du ezer jokoan, irabazten badu ere ezin baitu sailkapenean gora egin. Aldiz, Lagun Arteak irabaziz gero sailkapenean igotzeko aukera du, gauzak oso estu baitaude. Hortaz, irabaztera aterako dira lakuntzarrak.