Aurrekoan entzun nuen inoiz baino txakur gehiago dagoela gaur egun. Hirietan batez ere, harrigarri egiten zaigun arren hain bizitoki txikiak maskota batekin partekatzea. Txakur maskoten fenomenoa gure gizartean hedatzearen arrazoia psikologo batzuek argi azaltzen dute. Gaur egungo giza erlazioak arinak eta aldakorrak diren heinean, jendeak txakurrengan erlazio finko eta solidoa aurkitzen du. Txakur batek beti itxarongo zaitu etxean, beti poztuko da zu ikustean eta inoiz ez diozu argibiderik eman beharko. Txakur batek hil arteko leialtasuna eskainiko dizu, bere jabea besterik ez baitu.
Bilbon txakurrendako tabernak daudela ere entzun nuen, kanido hauen berokiak eskegitzeko lekua eta guzti. Zurito bat eta pentsu pintxo bat ateratzen omen diote jabe eta txakurrari. Beldurra ere ematen du fenomenoak, jendeak txakurraren bizitza gizakienaren gainetik jartzen duenean. Eboladun txakur gizarajo hura gogoratu. Txakurra pertsona bilakatzen denean. Ardiak zaindu edo ehiza egitetik, urbanita snob bat izatera igarotzen denean.
Zerbait aldatzen ari da gizartean, erlazio solidoak animaliengan bilatu behar baldin baditugu. Norbanakotasunaren ondorioetako bat dugu txakur maskoten fenomenoa. Norbanakoaren askatasunak, elkartasunaren kaltetan, sortu duen irtenbidea. Azken finean, gabeziak eta hutsuneak betetzeko huts eginen ez digun hartara jotzen dugu, hura lau hankatan badabil ere.